Glenn Closek atsekabez adierazi du ezingo duela parte hartu Donostiako 70. Zinemaldian, «konpromiso oso handiko eginbehar bat» zelako harentzat epaimahai ofizialeko burua izatea. Donostiako Zinemaldiak urteetan edukitako epaimahaiburu ezagunenetako bat izango zen, eta hark ere irrika azaldu izan du lan hori egiteko; «inoiz izan ez dudan abentura berri bat da». Ohar batean, esan du «familiako larrialdi» bat izan duela eta etxean egon beharko duela datozen egunetan.
Closeren ordez, Matias Mosteirin ekoizle argentinarra izango da epaimahaiburua, Zinemaldiak adierazi duenez. Ibilbide oparoa egin du azken hogei urteetan, eta, besteak beste, film hauetan parte hartu du K&S ekoiztetxeko zuzendari lanean: El último Elvis (Armando Bo, 2012), Relatos salvajes (Damian Szifron, 2014), El clan (Pablo Trapero, 2015), La cordillera (Santiago Mitre, 2017) eta La odisea de los giles (Sebastian Borensztein, 2019).
Epaimahai ofizialeko gainontzeko kideak hauek dira: Antoinette Boulat casting zuzendari eta gidoigile frantziarra, Tea Lindeburg zuzendari eta gidoigile danimarkarra, Rosa Montero idazle eta kazetari espainiarra, Lemohang Jeremiah Mosese zinemagile eta artista bisual lesothoarra eta Hlynur Palmason zuzendari eta gidoigile islandiarra.