Demografia

Jaiotza tasak apaltzen segitzen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Bizkaia salbuespena da, hala ere: jaiotza tasa %4,6 igo da han. Hazi egin da 40 urte edo gehiago dituzten amen proportzioa, baita hiru herrialdeetatik kanpoko herritartasuna dutenena ere.

Zenbait herritar Donostian, ekainean. GORKA RUBIO / FOKU
2022ko irailaren 12a
11:55
Entzun

Urtarriletik martxora bitartean, 3.287 haur jaio dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, iaz epe berean baino %1,1 gutxiago. Epe horri dagozkion datuak argitara eman ditu Eustat estatika institutuak, eta emaitzek berretsi egin dute jaiotza tasaren beheranzko joera. Gipuzkoan egin du gehien behera: %8 —2021ean baino 101 haur gutxiago jaio dira—. Araban, %2 jaitsi da jaiotza tasa —iaz baino 11 jaioberri gutxiago—. Ifrentzuan, Bizkaian %4,6 hazi da jaiotza tasa: iaz baino 75 haur gehiago jaio dira.

Hilabetekako datuak ere eman ditu Eustatek. Urtarrilean izan zen jaiotza gehien: 1.123. Martxoan 1.110 izan ziren, eta otsailean, 1.054.

Amen batez besteko adinaren igoera ere erakusten dute datuek. 40 urte edo gehiago dituzten amak %12,6 dira, eta %9,8 ziren iazko lehen hiruhilekoan. Haren hurrengo adin taldean ere ikusten da zahartzea: 35 eta 39 urte arteko amak %0,5 gehiago dira. Aldiz, 30-34 adin tartean bi puntu egin dute behera jaiotzeek, eta 25-29 adin tartean, %0,8. Bere horretan mantentzen da 24 urte edo gutxiagoko amen proportzioa.

Igotzen ari da, bestalde, ezkontzatik kanpoko jaiotzen proportzioa. Dagoeneko gehiago dira hala jaiotzen diren haurrak: %52,7 —iaz, epe berean, %49 ziren—.

Bestalde, Eustaten datuek berresten dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko herritartasuna duten amen zenbatekoan igoera izan dela; %2,6koa, zehazki. Araban dute atzerriko herritartasuna duten amen proportziorik handiena: %36,6. Ehuneko hori %28,5 da Gipuzkoan, eta %25,8 Bizkaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.