Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak kontrolatutzat eman du Zeberion (Bizkaia) piztutako sutea. Igande arrastian izeki zen, Arbildu auzotik gertu. Bizkaiko suhiltzaileak arratsalde osoan aritu ziren sutea amatatzen, eta gauez ere jardun dute, sutea kontrolatu arte. Ez da zauriturik izan, baina suhiltzaile bat artatu behar izan zuten, bero kolpe baten ondorioz.
Azken bi hilabeteetan alderdi horretan piztutako hirugarren sutea izan da. Azkena joan den asteko astelehenean izan zen, Uriondo auzoaren inguruan. Zeberioko alkate Karlos Idirinek «oso susmagarritzat» jo du hori, eta uste du zantzuak daudela pentsatzeko suteak nahita eragin dituztela: «Agian asko esatea da, baina bi hilabetean hiru biderrez, 150 metro barruan, bide ondoan eta beti ordu berean, oso susmagarria da», adierazi du.
Idirinek Euskadi Irratiari adierazitakoaren arabera, «noizean behin gerra batzuk pizten dira pinuen aurka», baina erantsi du oraingoz ezin dela ziurtatu hori dela suteen atzean dagoen arrazoia, eta nahiago izan du Ertzaintzak abiarazitako ikerketaren emaitzen zain geratu.