Ingurumena

Munduko biztanleen laurden bati eragiten dio aireko kutsadurak

Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du bero boladek eta horiek eragindako suteek okertu egin dutela airearen kalitatea. Hamar pertsonatik batek soilik arnasten du OMEren kalitate baldintzak betetzen dituen airea.

Suhiltzaieak Kaliforniako Hemet hirian piztuko sutea itzaltzeko lanetan, AEBetan, herenegun. Uda honetako suteek okerragotu egin dute airearen kitatea. ALLISON DINNER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko irailaren 7a
13:54
Entzun

«Planeta berotuz doan neurrian, suteak eta horiei lotutako aire kutsatua ugarituz joango dira, baita herrialdeek karbono dioxido gutxiago isuriko balute ere. Horrek zuzeneko eragina izango du giza osasunean, airearen kutsatzaileak atmosferatik lurrazalera iristen diren heinean», esan du Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusi Petteri Taalasek. Haren esanetan, etorkizunaren «aurrerapen bat» da txostena; izan ere, datozen urteetan bero boladak intentsitate handiagokoak eta luzeagoak izatea espero dute adituek, baita maizago gertatzea ere, eta, beraz, horrek airearen kalitatea okerragotuko du. Fenomeno horri klima zigorra esaten diote adituek.

Klima aldaketak handitu egiten du lurrazaleko ozono produkzioa. Ozono mota hori ez da atmosferan dagoenaren berdina. Azken horrek eguzkiaren argi ultramoreak xurgatzen ditu, eta lurrazalekoak, berriz, airea kutsatzen du. Nazioarteko erakundearen txostenak iaz izandako suteek eragindako kutsadura hartu du oinarri, eta, haren arabera, 2003tik 2020rako tartearekin alderatuta, partikula esekien kontzentrazioa aireko metro kubikoko 30 mikrogramotik gorakoa izan da suteak izan ziren eremuetan, Siberian, Kanadan eta AEBetan, batez ere.

AEBetako mendebaldean, iazko maiatza eta iraila artean izandako suteek PM 2,5 motako partikula kutsatzaileen kontzentrazioa —horiek dira kaltegarrienak giza osasunarentzat— hogei mikrogramoraino heldu zen metro kubikoko, OME Osasunaren Mundu Erakundeak aholkatutakoa baino lau aldiz gehiago. Erregai fosilen erabileraren ondorio da lurrazaleko ozonoaren zati handi bat, baina %20 inguru dago lotuta bero oldeekin.

Adituek ohartarazi dute klima aldaketarekin lotuta dagoela airearen kutsadura, airearen kalitatea okertzen duten gai kimikoak karbono dioxidoarekin batera isuri ohi baitira, normalean. Erregai fosilak baliatzen direnean eta karbono dioxidoa askatzen dutenean, nitrogeno oxidoa ere isurtzen dute; horrek erreakzionatu egiten du eguzki argiarekin kontaktuan jartzen denean, eta ozono kaltegarria sortu. Kutsatzaile horiek zuzenean eragiten dute ekosistemetan, edateko urari, uztari eta biodibertsitateari kalte egiten baitiote, eta karbono pilaketari eragin.

Copernicus sistemak jasotako datuen arabera, aurtengo ekaina eta abuztua bitartean Europan eta Erresuma Batuan izandako suteek 6,4 megatona karbono isuri zituzten atmosferara. 2007ko udaz geroztik isuritako kantitaterik handiena da. Espainia eta Frantzia izan dira karbono gehien isuri duten herrialdeak, azken hogei urteetako markak hautsita.

Mundu zabalean ere izan dira suteak uda honetan. Brasilgo Amazonian, esaterako, ohi baino karbono gehiago isuri zen abuztuko bigarren hamabostaldian izandako suteen ondorioz.

Nazioarteko erakundearen aurreikuspenen arabera, Asiako herrialdeak izango dira aire kutsatu gehien pilatuko dutenak, eta horietan bizi dira munduko biztanleen %25. Orain arteko iragarpenei eutsi eta mende amaierarako tenperaturak hiru gradu igoko balira, lurrazaleko ozono kantitatea nabarmen handituko litzateke lehendik ere aire kalitate txarra duten inguruetan: %20 Pakistanen, India iparraldean eta Bangladeshen, eta %10 inguru Txina ekialdean.

Kutsadura murrizteko neurriak

Nazio Batuen Ingurumen Programak bildutako datuen arabera, soilik hamarretik batek arnasten du OMEren kalitate baldintzak betetzen dituen airea. Hori dela eta, Aire Garbiaren Nazioarteko Eguna baliatuta, Ingurumen Programak nazioarteari eskatu dio har ditzala neurriak kutsadura murrizteko, klima larrialdia arinduko luketen isurketarik gabeko politikak bultzatuz, besteak beste, modu horretan bero boladak murrizteko eta horiei lotutako suteak gutxitzeko.

Oraingoz, baina, nazioarteko politikak ez doaz norabide horretan. Aire Garbirako Funtsa gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 2015 eta 2020 bitartean garapen bidean dauden herrialdeei emandako diru laguntzen %1 soilik erabili ziren airearen kalitatea hobetzeko proiektuetarako. Diru laguntza horien %0,3 jaso zituzten Afrikako herrialdeek, nahiz eta kontinente hartan aire kutsatua izan, Hiesaren atzetik, heriotza gehien eragiten dituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.