Superberriak-ek, BM saltoki handiak (Uvesco) BM Shop kateko denda batzuk kudeatzeko erabiltzen duen enpresak, jarduna eteteko lan erregulazioa hasi du. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, Amurrioko (Araba), Laudioko (Araba), Ugaoko (Bizkaia) eta Bilboko Zazpikaleetako BM Shop dendak ixteko asmoa du. Itxiera horiek 70 langile kaleratzea eragingo dute. Halaber, neurri bera aplikatuko dute Roxima 2020 SMn, Barakaldoko BM Shop kudeatzen zuen enpresan.
Lan erregulazioren inguruko kontsulta epea asteazkenean hasi da, eta hilabete luzatuko da. LABek aitortu duenez, erabakiak ezustean harrapatu du, iragan uztailean zuzendaritzarekin izandako solasaldietan irail amaierarako bilera batzuk adostu baitzituzten. Superberriak-ek duela urtebete egin zuen frankizia aldaketa, eta, hala, haren denda guztiak BM taldera igaro ziren.
LABek bere ordezkari guztiak deitu ditu gaia aztertzeko, eta aurreratu du bide guztiak agortuko dituela lanpostuak defendatu eta lan erregulazioa eragozteko.