Beasaingo CAF tren ekoizleak kontratu garrantzitsua lortu AEBetan. Type 10 ereduko 102 tren egingo ditu Boston hiriko Green linearako, Massachusetts Bay Transportation Authorityrentzat (MBTA). Oinarrizko kontratuaren barruan daude 102 ibilgailuen fabrikazioa, gidatzeko bi simulazio, parkeko piezak, tresna bereziak eta hornitutako ibilgailuen probetarako ekipoak, baita hiru urterako berme zerbitzua ere. Halaber, kontratuak ibilgailu eta ekipamendu gehigarriak erosteko aukera jasotzen du, eta MBTAk datozen bi urtetan gauzatu ahal izango du.
CAFek Bostonen egiten duen bigarren proiektua da. 2014. urtean CAF USAk 24 hiriko tren egiteko kontratua lortu zuen, eta gaur egun Type 9 izeneko LRV horiek Green linean zirkulatzen dute. Lineako Type 7 eta Type 8ak ordezkatuko dituzte, orain CAFek egingo dituen Type 10 trenekin. Tren berriek zazpi modulu dituzte, eta zoru baxukoak dira.
CAFek urteak daramatza AEBetako merkatuan eta fabrika bat dauka Elmiran, New York estatuan. Handik hornitu ditu Washingtongo metroa 96 unitaterekin, Amtrak garraio operadorea 130 bidaiari kotxerekin, Kansas Cityko eta Cincinnatiko hiriak tranbiekin eta Houstongo, Sacramentoko, Pittsburghko eta Bostongo hiriak LRV hiriko trenekin.