Greba deialdiarekin itzuli dira lanera Arabako metalgintzako sektorean. Maiatzean eta ekainean egindako protesta jendetsuen ondoren, kalera ateratzeko deia egin dute berriz sindikatuek hilaren amaierarako. Izan ere, sektoreko hitzarmena berritzeko negoziazioek blokeo egoera batean jarraitzen dute, eta, adierazi dutenez, SEA patronalak ez du mugitzeko asmorik. Horiek horrela, hiru egunez ekoizpena eteteko deia egin diete langileei ELA, LAB, CCOO, USO, CGT eta ESK sindikatuek: hilaren 21ean, 22an eta 23an egingo dituzte lanuzteak.
Uztailean bildu ziren azkenekoz patronala eta sindikatuak, SEAk ekainaren 30rako jarria zuten hitzordua bertan behera utzi ondotik. Sindikatuek hitzetan, bilera hartan patronalak ez zuen negoziatzeko borondaterik agertu; are, haien aldarrikapenak «gutxietsi» eta elkarrizketak «blokeatu» izana egotzi zioten SEAri. Hala eta guztiz ere, sindikatuek hitz egiten jarraitzeko nahia adierazi zuten, negoziazioak egoera kritiko batean sartzeko arriskuan zeudelako.
Hilaren 8rako, datorren ostegunerako adostu dute bilera azkenean. Sindikatuek salatu dute, ordea, patronalak trabak baino ez dizkiela jarri, eta «borrokatu» behar izan dutela harekin berriz biltzeko. «SEAren atzetik ibili gara bilera bat adostu ahal izateko. Aitzakiak jartzen zizkigun behin eta berriz, ez zuela ikusten esanez edota data atzeratuz edota kenduz». Hain zuzen, gogoratu dute ekaineko grebaren aurretik birritan elkartzeko deia egin zietela, eta orduan ere uko egin ziola SEAk «agenda arrazoiak argudiatuz».
Hori dela eta, sindikatuek patronalari eskatu diote gogoeta egiteko, eta «akordioa erraztuko duen» jarrera batekin azaltzeko hilaren 8ko bilerara. «Espero dugu sektorean eta maila globalean bizitzen ari garen une historikoaren mailan egotea, eta erantzukizunez jokatzea. Haien esku dago sektorea geldiaraziko duten beste hiru greba egun saihestea».
Lehentasunik ez
Sindikatuek gogorarazi dute eutsi egiten dietela beren eskaera nagusiei, baina, azkeneko bileran, lehentasun gisa jarri zuten lanaldia laburtzea eta soldatak igotzea. «Bi puntu horiek nabarmendu genituen SEAk ez duelako hitz egin nahi aldarrikapen horiez, baina ez diogu garrantzirik kendu nahi beste guztiari», adierazi dute. Izan ere, haien hitzetan, erosteko ahalmenari eusteak are garrantzi handiagoa dauka prezioak oro har hainbeste igotzen ari diren honetan. Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea, laneko osasuna eta berdintasuna bermatzea, eta aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak hobetzea dira sindikatuen gainerako aldarrikapenak.
Horiek horrela, grebarekin bat egin eta kalera ateratzeko deia egin diete sindikatuek sektoreko enpresei eta langileei, «tailer txikietatik hasi eta enpresa handietaraino». Izan ere, uste dute soilik modu horretan lortuko dutela sektoreak «behar duen» hitzarmena egitea. «Antolakuntza eta borroka dira langileen tresnarik boteretsuenak, eta gure eskubideak eta lan baldintzak defendatzeko erabiltzea dagokigu», adierazi dute.