Energia

Erregaien deskontua 30 zentimora emendatuko da bihar Ipar Euskal Herrian

Total Energies konpainiak beste hogei zentimoko deskontua iragarri du; horrela, eragotzi nahi du Parisek zerga berezia ezartzea aurtengo irabazi historikoei.

TotalEnergies energia konpainiaren egoitza nagusia, La Defensen. MOHAMMED BADRA / EFE
Iker Aranburu.
2022ko abuztuaren 31
12:52
Entzun

Bihartik urriaren 31 arte, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gasolindegietan handiagoa izango da erregai litroaren deskontua. Apirilaz geroztik, hemezortzi zentimoko laguntza eman du Frantziako Gobernuak gasolio eta ezantza litroko, baina bi hilabetez 30 zentimokoa izango da laguntza.

Hasieran, Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroaren asmoa zen urrian hamabi zentimora apaltzea laguntza, seira azaroan eta zerora abenduan. Baina gobernuak gibelera egin behar izan zuen, erosteko ahalmenari buruzko legegaia onartzeko oposizioaren babesa behar zuelako, eta bere botoen truke deskontua handitzera behartu zuen LR eskuineko alderdiak. Ondorioz, laguntza 30 zentimokoa izango da hurrengo bi hilabeteetan, eta hamar zentimokoa azaroan eta abenduan.

Total Energiesen erabakia

Zerbitzugune batzuetan are gehiago merkatuko da erregaia. Izan ere, Total Energiesek erabaki du irailean eta urrian 20 zentimoko deskontu gehigarria egitea bere 3.500 gasolindegietan. Azaroan eta abenduan, berriz, hamar zentimoko deskontua egingo du.

Otsailean, hamar zentimo merkatu zuen erregaia landa eremuetan, eta apirilean leku guztietara zabaldu zuen. Autobideetan, berriz, hamabi zentimoko deskontua egiten du uztailaren 1az geroztik (han dira garestien).

Frantziako Gobernuak estututa hartu du erabakia Total Energiesek. Beste herrialde batzuetan ez bezala, Frantziako Gobernuak ez die petrolio konpainiei zerga berezi bat ezarri nahi, baina trukean eskatu die keinuak egin ditzatela, haien aparteko irabaziak txikitu eta herritarren kostuak apaltzeko. 2022ko lehen erdian, 18.000 milioi euroren irabaziak izan zituen Total Energiesek, inoiz baino handiagoak.

Konpainia horrek 11 gasolindegi ditu Ipar Euskal Herrian: bederatzi Lapurdin eta bi Nafarroa Beherean (Donapaleu eta Donazaharre). Hego Euskal Herrian, berriz, argindarra eta gasa eskaintzen ditu Frantziako energia konpainia horrek.

Gasolioa, 22 zentimo merkeago

Erregaia merkatu egin da azken asteetan, atzeraldi baten zantzuek petrolio upelaren prezioa jaitsi baitute. Horrela, abuztuan, ezantza litroa batez beste 1,808 euroan ordaindu dute Ipar Euskal Herrian auto gidariek, ekainean baino 17,5 zentimo merkeago. Gasolioaren prezioa, berriz, 22 zentimo merkatu da ekainetik abuztura, 1,878 euroraino.

Gaur, ordea, abuztuan batez beste baino karioago dago gasolioa (1,982 euro), eta merkeago ezantza (1,791).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.