Eskola sartzea hizpide, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du COVID-19aren aurkako neurririk gabe martxan jarriko dela ikasturtea. Asmo hori bera adierazi zuen lehengo astean Nafarroako Gobernuak, eta Iparraldeko eskoletan ere neurririk gabe hastea da plana; beraz, Euskal Herri osoan ez da aurten izango propio izurriari aurre egiteko neurririk ikastetxeetan.
Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi du gaur bertan helaraziko zaiela ikastetxeei irailetik aurrerako jarraibideen gida. Izurriaren aurkako neurriak bertan behera geratzen badira ere, «gizartea oro har zaintzeko» neurriak gogoratuko direla esan du. Ez da ezustea izan. Gogoan hartu behar da iazko ikasturtearen erdialdetik aurrera pixkanaka-pixkanaka indargabetu zituztela ia neurri guztiak; esaterako, maskara nahitaez erabili beharra
Gomendioak
Neurriak bertan behera geratuko badira ere, hainbat gomendio zehaztu ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hala nola: ikasgelak behar bezala aireztatzea, txertaketari buruzko gomendioei kasu egitea, eskuak sarri garbitzea eta sintomak zaintzea.
Eskola garraioan, halaber, 6 urtetik gorako ikasleek maskara jantzita eraman beharko dute. Garraio publikoan, bestela ere, beharrezkoa da maskara jantzita ibiltzea oraindik Hego Euskal Herri osoan.