Libia

Tripolik armak hartzeko eskatu die herritarrei «gerra zibil bat pizteko arriskua» dagoelako

Batasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministroaren arabera, milizien aurkako borrokak gogortu egin dira azken egunetan Tripolin, eta Tobruken egoitza duten oposizioko indarrak ere gero eta gertuago daude.

Tripoliko lehen ministro Abdul Hamid Dbeibahren gertuko indarrak, artxiboko argazki batean. EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 27a
21:52
Entzun

Krisi betean jarraitzen du Libiak. Otsailetik bi gobernu ditu herrialdeak: mendebaldeko GNU Batasun Nazionaleko Gobernua, eta ekialdeko GSU Elkartasun Nazionaleko Gobernua. Tripolin dago lehena, eta Tobruken du egoitza bigarrenak, baina azken honen indarrak gerturatzen ari dira Tripoli erdigunera. Horrez gain, hirian gogortu egin dira azken egunetan milizien arteko borrokak —hamabi hildako eta 87 zauritu utzi dituzte orain arte—. Horrek guztiak bultzatuta, GNUko lehen ministro Abdul Hamid Dbeibahk eskatu die herritarrei armak hartzeko, eta ohartarazi «gerra zibil bat pizteko arriskua» dagoela datozen orduetan.

«Gizon eta emakume libiar guztiei dei egiten diegu jarrera nazional serio eta benetakoa har dezaten, hiriburuan irabazi pertsonalak lortzeko gerra bat hasi nahi duen edonoren aurka», esan du Dbeibahk. Haitham Tajurik zuzentzen duen Iraultzaileen Brigaden eta Abdel-Ghani al-Kikli buru duen beste milizia baten artean piztu ziren borrokak joan den ostegunean.

GSUren gertukoa da Al-Kikliren milizia, eta, Fathi Baxagha lehen ministroa babesten duten beste hainbat indarrekin batera, Tripoli erdigunean sartzeko ahaleginetan ari da azken egunetan. Zenbait iturriren arabera, Baxagharen indarrek dagoeneko hartu dute Janzur auzoa, eta lerro hauek idazteko unean Zawiya eta Al-Jumuriya zeuden borroka gogorrenak. Zenbait iturriren arabera, sute handiak piztu dituzte bi auzoetan. Baxagharen gertuko indarren beste 300 ibilgailuko konboi bat irten da gaur Tripolitik 150 kilometrora dagoen Zliten hiritik. Baxagha bera Misratan dago azken asteetan, Zlitendik gertu.

Gerra hotsek nazioartea iratzarri dute. NBE Nazio Batuen Erakundeak, AEBek eta Erresuma Batuak eskatu diete agintariei indarkeria areagotuko duen neurririk ez hartzeko, eta Libiako trantsizioa kudeatzeko NBEk sortutako Trantsiziorako Presidentetzarako Batzordeko buru Mohamed Menfik bertan behera utzi du Tunisiara egiten ari zen bidaia, Libiara itzultzeko. Egiptok, berriz, larrialdiko elkarrizketak jarri ditu abian, su eten bat lortzeko.

Urteetako gatazka

Ordezkarien Ganberak hautatu zuen Baxagha joan den otsailean, Dbeibahren agintaldia amaitutzat emanda. Hark, baina, ez zuen erabakia onartu eta karguan jarraituko zuela iragarri zuen. GSUko egungo gobernuburua Barne ministro izan zen 2018tik 2020ra, eta Dbeibahrekin batera lehiatu zen GNUko lehen ministro izateko bozketan, iragan urteko martxoan. Baxaghak, gianera, bere alde du Khalifa Haftar, ekialdeko petrolio putzuak kudeatzen dituen buruzagi militarra.

Joan den abenduan egitekoak zituzten bozek zartarazi zuten azken krisia. Dbeibahk atzeratu egin zituen, desadostasun politikoak eta segurtasun arrazoiak argudio hartuta eta, lehenik hilabete atzeratu bazituen ere, gerora ez zuen datarik zehaztu. Ordezkarien Ganberaren, arabera, ordea, bozak egiteko lehen deialdiarekin batera amaitu zen Dbeibahren agintaldia.

Ez da lehen aldia, Baxagha hiriburuan sartzen ahalegintzen dena. Joan den maiatzean berak hautatutako gobernuko kideekin batera heldu zen hiriburura, GNUren agintea hartzeko helburuarekin, baina bi aldeetako milizien borroken ostean, alde egin behar izan zuen.

Hamar urte pasatxo dira NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hegazkinek Muammar Gaddafiren konboiari eraso ziotela, eta hilketa horren ondorio da Libiaren egungo zatiketa. Dbeibahren gobernua NBEk sustaturiko prozesu baten ondoren aukeratu zuten, joan den urteko martxoan, eta herrialdearen mendebaldean dago kokatua, Tripoli hiriburuan; Ordezkarien Ganbera, berriz, %18ko parte hartzea izan zuen 2014ko hauteskundeen ondoren osatu zuten, eta ekialdean dago kokatua, Tobruken.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.