Greenpeacek salatu du nazioarteko urak babesteko negoziazioak «porrot» egitear daudela, EB Europako Batasunaren, AEBen eta Kanadaren «berekoikeria» dela medio. Ingurumenaren aldeko erakundearen arabera, herrialde horiek lehentasuna eman diete itsas baliabideen ustiaketatik ateratako irabaziei, ozeanoak babesteko helburuei beharrean. «Kolokan jarri dute itsas eremuak babesteko testu zirriborroa, negoziazioak amaitzeko 48 ordu bakarrik geratzen diren honetan», dakar gobernuz kanpoko erakundeak zabaldutako prentsa oharrak.
NBE Nazio Batuen Erakundeko 193 estatu kideek joan den astean hasi zituzten negoziazioak New Yorken, eta bihar gauerdira arte luzatzea espero da. Helburua da 2030erako nazioarteko uren %30 babestuta egotea, loteslea izango den akordio baten bitartez. Hitzarmen horrek aurreikusi beharko luke hura betetzen dela bermatuko duen erakunde berri bat sortzea, zeinak eskumena izango lukeen itsas eremu babestuak erabakitzeko eta nazioarteko uretan egin daitezkeen jarduerak zehaztu edo debekatzeko.
GKEaren arabera, ordea, akordioa bera kolokan jartzeaz gain, interes ekonomikoak lehenetsi dituzten estatuak haren edukiak murrizten ari dira, «ikuspegi bidegabea eta neokoloniala» bultzatuz, aukera ematen dielako herrialdeei neurriak finantzatzeari uko egiteko, «pisu guztia herrialderik txiroenen gainean jarriz».
«Ozeanoei esker dago bizitza planetan, baina herrialde batzuen berekoikeriak porrotera eramango ditu negoziazioak. Etorkizuneko irabazi ekonomikoekin itsutu dira, elkarrizketa hauetan egindako aurrerapauso guztiak oztopatuz. Ministroek gaur gauean telefonoak hartu eta haien kideekin hitz egin ezean, itun honek porrot egingo du 48 orduan», ohartarazi du Greenpeacek New Yorken duen ordezkari Pilar Marcosek.
Greenpeacek ohartarazi du akordioa aurten itxi ezean ia ezinezkoa izango dela helburua lortzea, eta nabarmendu halakorik ez gertatzeko «berehalako neurriak» hartu behar dituztela estatuek, eta malgutasunez jokatu bihar akordio sendo bat aurkezteko. «Atsekabetuta eta haserre gaude. Milaka milioi lagun bizi dira ozeanoetatik, eta osasuntsu behar dituzte, eta agintariek huts egin diete», salatu du Marcosek.