Koronabirusa

Nafarroako ikastetxeetan COVID-19aren aurkako neurririk gabe hasiko dute ikasturtea

Carlos Gimenok iragarri du balitekeela gaur bertan baliogabetzea 3-6 urteko haurrak eskola garraioan maskara erabiltzera derrigortzen dituen araua.

Ikasle batzuk Burlatako Askatasuna institutuko patioan, 2020-2021eko ikasturtea hasi zenean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 25a
11:39
Entzun

Iazko ikasturtea ere COVID-19ak baldintzatutakoa izan zen; 2022-2023ko ikasturteak, ordea, bestelako traza du oraingoz bederen. Nafarroako Gobernuak, esaterako, gaur iragarri du «erabateko normaltasunarekin» hasiko dutela ikasturtea, ikastetxeetan ez dutela edukiko COVID-19agatik aparteko prebentzio, garbitasun eta segurtasun neurririk. Hala zehaztu du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak: «Ikastetxeek ez dute kontingentzia protokolorik eduki beharko, baina eduki beharko dute aurrez aurrekoa ez den arreta emateko plan bat, zer gerta ere. Ikasturtea erabateko normaltasunarekin hasiko da, pandemiaren aurretik ezagutzen genuen hezkuntza testuinguruan».

Ez da aparteko aldaketarik egongo, iazko ikasturtearen erdialdetik aurrera pixkanaka-pixkanaka indargabetu baitzituzten ia neurri guztiak. Aste Santuko oporretatik bueltan, esaterako, Hego Euskal Herriko ikastetxeetan maskarak nahitaezkoa izateari utzi zion. Ordea, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako burbuila taldeei eustea, eta ikasgela bateko eta besteetako ikasleak ezin ziren nahastu jolastokian. Gainera, eskolak goizez soilik eman dituzte, eta eskatzen zuten eskolara ez joateko COVID-19aren sintomekin edo kontaktu estuak izateagatik berrogeialdia egin behar zutenean.

Kontseilariak jakinarazi du balitekeela beste neurri bat ere bertan behera uztea. Egun, Nafarroako 3-6 urteko ikasleek maskara jantzi behar izaten dute eskola garraioan. Gimenok esan du hori indargabetzea ez dela beren eskumenekoa, baina uste duela Osasun Departamentuak gaur bertan baliogabetuko duela. Horrenbestez, 6 urtetik gorako haurrek eta gazteek baino ez dute erabili beharko maskara garraioan.

Haur eskoletan, soldata altuagoak

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak hartutako beste erabaki baten berri ere eman du Gimenok: %12 igoko diete soldata haur eskoletako hezitzaileei, %19 haur eskoletako garbitzaileei eta %2 zuzendariei. Haur eskoletako langileen grebaren ostean dator igoera. Nafarroako 0-3 plataformak deituta, 60 egun egin zituzten greban joan den ikasturtean. Lan baldintza duinak eskatzen zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.