Errefuxiatuak

Jaurlaritzak jakinarazi du Ukrainatik heldutako 3.587 pertsonak eskatu dutela aldi baterako babesa

Sei hilabete konplituko dira bihar gerra hasi zenetik, eta horren harira eman ditu errefuxiatuen egoerari erreparatzeko hainbat datu

arantxa iraola
2022ko abuztuaren 23a
11:55
Entzun

Jaurlaritzak zabaldu dituen datuen arabera, aldi baterako babesa eskatu dute Ukrainatik heldutako 1.512 iheslarik Bizkaian, 1.473k Gipuzkoan, eta 602k Araban igaro sei hilabeteotan. 2.148 helduak dira, eta gainerakoak adingabeak. Aditzera eman duenez, Ukrainatik heldutako errefuxiatuen egoera aztertzeko jarraipen mahaiaren azken bileran erregistratutako datu ofizialak dira horiek. Pertsona horiek babes eskea erkidegoko polizia-etxeren batean egin zutela esan nahi du horrek; baldintza hori beharrezkoa da Europako Batasunean legez sartzeko eta bizileku eta lan baimena lortzeko.

Eusko Jaurlaritzak propio iheslarientzat prestatutako harrera eta orientazio zerbitzuak artatu ditu 589 heldu eta 289 adingabe. 368 errefuxiatu artatu dituzte Bizkaian, 286 Gipuzkoan eta 224 Araban. 2.763 iheslarik Osakidetzan osasun arta bermatzea lortu dute, eta hezkuntza sisteman ere sartu dira: ikasturtearen amaieran ihesean heldutako 769 haur eta nerabe zeuden Jaurlaritzaren ardurapeko hezkuntza sisteman matrikulatuta: 360 Gipuzkoan, 271 Bizkaian eta 138 Araban. Aldi berean, Ukrainatik ailegatutako 411 helduk Hizkuntza Eskola Ofizialetan eta Helduentzako Hezkuntza Zentroetan matrikulatzea eskatu zuten; 267 izan ziren Gipuzkoan, 108 Bizkaian eta 36 Araban.

Bihar bilera egingo du berriro jarraipen batzordeak, eta datu horiek «eguneratu» egingo dituztela esan dute Jaurlaritzako iturriek.

Bestalde, Azken Sarea Indartzen-Ukraina programaren bidez emandako laguntzak 1.232.113,81 eurokoak dira guztira. 942 eskaera jaso dira, eta 903 izan dira laguntza jaso duten bizikidetza unitateak. Era berean, Loturak programak, Ukrainako errefuxiatuei laguntzeko harrera sare bat antolatzeko ekimenak, 291 familia harrera bideratu ditu; Ukrainako 42 familiari laguntza eman die, eta 204 prestakuntza eta topaketa ekimen bultzatu ditu familia harreragileekin.

Berritze programak, laguntza psikosozial espezializatua ematen du, eta guztira 450 pertsonari eman die arreta. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek azaldu dutenez, zifra ofizialik ez ez dago, baina badakite Ukrainara «itzuli» diren pertsonak ere badira, baina baita hara itzuli eta, berriz Euskal Herrira bueltatzea erabaki dutenak ere.

Hasiera batean, Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak sei hilabeterako aurreikusita zeuden, baina urtearen bukaera arte luzatzea aztertzen ari dira orain. Hala ere, esan dute laguntza horiek desagertu egingo direla Espainiako Gobernuak iragarritakoak martxan jartzen direnean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.