Nord Stream 1 gasbidean martxan duen konpresio gune bakarra hiru egunez ixteko asmoa duela iragarri du Gazpromek, Errusiako Estatuaren gas monopolioak. Eta horrekin, are txikiagoa izango da gas hornidura, lehendik ere oso murritza baita.
Lehendik ere gas natural gutxi datorkio Alemaniari Nord Stream 1 gasbidetik. Egunean 167 milioi metro kubiko garraiatzeko ahalmenaren %20 bakarrik erabili du Gazpromek azken hilabeteetan. Eta irailaren 3tik aurrera hala jarraituko diola dio.
Konpainiaren arabera, ezinezkoa zaio hornidura normaltzea, gasbideko turbinen egileak —Alemaniako Siemens Energyk— atzerapenak izan dituelako turbinen konponketan eta itzulketan.
Europako agintari eta energia konpainiek, ordea, diote Gazpromek ez duela gas gehiago hornitzea eragozten dion arazo teknikorik, eta salatu dute Errusia propio ari dela hornidura murrizten, Ukrainako Gerrarengatik Alemaniari eta Europari presio egiteko.
Konponketa lanak abuztuaren 31tik irailaren 2ra arte izango direla esan du Gazpromek, eta haiek egiteko derrigortasuna jasotzen dela, hain zuzen, Siemens Energyrekin dituen kontratuetan.