Lan istripuak

Basomutil bat hil da Zeanurin

Administrazioari galdegin diote erantzukizuna hartzeko lan istripuen inguruan. Aurten 51 langile hil dira lanean ari zirela, sindikatuen arabera.

Oiartzunen atzo izandako lan heriotza salatzeko elkarretaratzea, Larranben industriagunean. LAB
Julen Otaegi Leonet - Jokin Sagarzazu
2022ko abuztuaren 17a
13:13
Entzun

Zeanurin (Bizkaia) zuhaitz mozketa batean parte hartzen ari zen langile bat hil da asteazken honetan, moztutako aleetako bat gainera erori eta hark emandako kolpearen ondorioz, Bizkaiko suhiltzaileek eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman dutenez.

Gertaera arratsaldeko 16: 30 aldera izan da. Moztutako zuhaitzak langilea harrapatu du, eta, larrialdietako zerbitzuak mobilizatu diren arren, ezin izan dute ezer egin. Langilea tokian bertan hil da.

Sindikatuen zenbaketaren arabera, aurten 51 pertsona hil dira lan istripuan Euskal Herrian.

Protestak

Atzo, berriz, 52 urteko garraiolari bat zendu zen Oiartzunen (Gipuzkoa), Lanbarren poligonoan lanean ari zela. Ondoezak jota hil zen behargina, kamioiaren kabinan, «lan istripu ez-traumatiko baten ondorioz», LAB sindikatuak zehaztu duenez.

Garraiolaria oroitu eta heriotza gaitzetsi dute 12:00etan, Lanbarren industrialdean bertan. Gehiengo sindikala bildu da bertan, Lan istripu gehiagorik ez. Prekaritatea hiltzailea lelopean. Administrazioari, Osalani eta Lan Ikuskaritzari «euren gabezia handiei konponbidea» jartzeko galdegin diete sindikatuek; «arrisku guneetan beharrezko kontrol neurriak ipini behar dituzte».

LABen zenbaketaren arabera, Oiartzungoa aurten lanean ari zela hil den 50. langilea da. Joan den astean, bi langile hil ziren lanean: garraiolari bat Elgoibarren (Gipuzkoa), eta eraikuntzako langile bat Errenterian (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.