Getxon, Algortako Portu Zaharreko jaietan (Bizkaia), neska batek ziurtatu zuen ziztatu egin zutela, eta horren ostean harrabotsa sortu da. Ertzaintzak kritikatu du neska zegoen txosnako bi arduradunek oztopoak jarri izana biktima artatzeko. Algortako mugimendu feministak BERRIAri ziurtatu dionez, ordea, mugimenduko bi kide arduratu ziren neska artatzeaz, eta larrialdi zerbitzuekin eta Ertzaintzarekin une oro adostu zuten nola jokatu. Poliziek mugimendu feministako bi kide identifikatu dituzte, eta ikertzen ari dira, desobedientzia delitu larria egotzita. Algortako mugimendu feministak bi kide horien aurkako salaketak bertan behera uztea exijitu du, baita «egin diren adierazpen faltsuak deuseztatzea» ere. Gaur, 18:00etan, prentsaurrekoa emango dute Algortako Portu Zaharreko eskaileretan, zer gertatu den azaltzeko. Herritarrei bertara joateko eskatu diete.
Ikusi gehiago:Bilboko Konpartsek gezurtatu egin dute Jaurlaritzak Ertzaintzaren jarduna «ez oztopatzeko» eskatu diela
Batzuen eta besteen bertsioak kontrajarriak dira. Ertzaintzaren arabera, astelehen goizaldean gertatu zen erasoa, eta SOS Deietakoek abisatu zieten txosnetan neska bat ziztatu zutela. Bertara joan zirenean, Ertzaintzaren esanetan, txosna bateko bi arduradunek «eragotzi» egin zieten ertzainei gaztea artatzea, «txosnak ziztaden inguruan jarduteko bere protokoloa zuela ziurtatu ondoren».
«Agenteek behin eta berriz esan zieten anbulantzia bat zain zeukala biktimak, ospitalera eraman zezan», jarraitu du Ertzaintzak oharrean «Baina bi arduradunek Poliziaren lana oztopatzen jarraitu zuten, eta eragotzi egin zuten Ertzaintzak neska gazteari anbulantzia zegoen lekura laguntzea». Adierazi dutenez, «hainbat saiakeraren eta ezezkoren ostean eta festetako arduradunaren bitartekaritzari esker» lortu zuten ertzainek neska anbulantziara eramatea. Ziurtatu dute oraingoz ez dutela neskaren salaketarik jaso ziztadagatik.
Feministen bertsioa
Bestelakoa da emakumea artatu zuen Algortako mugimendu feministako kide batek BERRIAri kontatu dion bertsioa. Esplikatu duenez, hiru neska txosna batera joan ziren, haietako bat ziztatu zutela esanez. Txosnako kideek mugimendu feministako kideak abisatu zituzten, eta hari laguntzera joan ziren. «Argitaratu da txosna izan zela kudeatu zuena, eta ez, mugimendu feminista izan zen», argitu du.
Feministak bertaratu zirenean, txosnaren atzeko aldera eraman zuten neska, «leku seguruago batean» egoteko. Orduan, neskak kontatu zien ziztatu egin zutela, eta 112 telefono zenbakira deitu zuten. Neskak adin txikikoa dela adierazi zien; hortaz, beste kide batek gurasoei jakinarazi zien gertatutakoa. Mugimendu feministako kidearen esanetan, SOS Deietakoek Ertzaintzara bideratu zuten auzia, eta haiek jakinarazi zieten anbulantzia bat bidaliko zutela. Ertzain bat iritsi arte itxaron zuten, beraz.
«Abisatu ninduten ertzain bat zegoela kanpoan, eta berarekin hitz egitera atera nintzen. Esan zidan beraiek ebakuatu behar zutela», azaldu du feministak. Baina beste modu batera egitea egokiagoa iruditzen zitzaien eurei: «Guk uste genuen egokiena zela gurekin ateratzea, eta ez ertzainekin, bere intimitatea babesteko; hori adostu genuen Ertzaintzarekin, eta berez ez ziguten arazorik jarri».
Momentu horretan, Ertzaintzaren beste dei bat jaso zuela esan du, «ziurtatzeko patruila heldu zela». «Baietz esan nien, eta kontatu nien gu aterako ginela berarekin [biktimarekin]. Esan zidan ez zegoela arazorik, eta esplikatu zidan non zegoen anbulantzia». Baina telefonoa eskegi zuenean, egoera okertu egin zen: «Eskegi nuen, eta buelta eman nuenean jende pila bat zegoen txosnaren barruan, neska negarrez... eta eraman zuten». Ez daki ziur nork: «Badakigu udaltzainak eta ertzainak zirela, baina ez zeuden identifikatuta. Ez ziren gurekin hitz egin zuten ertzainak, beste batzuk ziren».
Orduan, mugimendu feministako partaidearen hitzetan, anbulantziara joatea erabaki zuten: «Anbulantziara joan ginen, amari esan geniolako telefonoz neskarekin egongo ginela momentu oro. Zer gertatu zen jakitera joan ginen, eta momentu horretan identifikatu gintuzten». Iritzi dio gisa horretako jokaerekin mugimendu feminista «kriminalizatu» nahi dutela.
Jokaera «zabarra»
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak nabarmendu du bi kideek neska gaztea artatzea «oztopatu» zutela, eta haren osasuna arriskuan ipintzea leporatu die: «Jarduera zabar horrekin arriskuan jarri ahal izan zuten biktimaren osasuna». Haren esanetan, ziztada kasuetarako ezarrita daukaten protokoloa ez betetzea «larria» da: «Bi pertsona horiei desobedientzia delitu larria leporatu ahal izango zaie».
Kontrara, Ertzaintzaren lana nabarmendu du sailburuak: «Zorionez, Ertzaintzak lortu zuen emakume gaztea artatzea. Anbulantziara lagundu zioten, eta anbulantziak ospitalera eraman zuen azterketa sakona egiteko».
Ertzaintzako Esan sindikatuaren kritikaren ostean egin ditu Erkorekak adierazpenok. Sindikatuak neurriak hartzeko eskatu zion atzo Segurtasun Sailari, baita arduradunak epailearen aurrera eramateko ere. Besteak beste, sindikatuak feministei aurpegiratu zien «antisozialak» eta «totalitarioak» izatea.