Bulebarretik hasita egin dute ziztada bidezko emakumeen aurkako erasoak salatzeko manifestazioa gaur, Donostiako Aste Nagusiaren atarian. Ziztadarik ez. Erasoen aurrean babesa antolatu lelopean egin dute Itaiak antolatutako mobilizazioa, azken hilabeteetan izandako ziztadak salatzeko eta horien aurkako «neurri eraginkorrak» abiatzera deitzeko.
Manifestazioaren amaieran, Itaiako kideek gogora ekarri dute emakumeek «egunero eraso mota asko» jasaten dituztela, eta azaldu dute «Euskal Herrian ehun ziztada kasu baino gehiago» salatu dituztela azken asteetan. «Besteak beste, jai giroa emakumeon aurkako erasoak areagotu eta normalizatzeko testuinguru aproposa da. Ziztadek, eta horrek sortutako beldurrak, sozializatzeko espazioetan emakumea une oro babesgabe sentitzera edo zuzenean bertan ez egotera bultzatzen du».
Gainera, salatu dute instituzioek ez daukatela «benetako borondaterik» indarkeria matxista amaitzeko, eta egiten duten bakarra dela «jaietan polizia gehiago jartzea eta hori normalizatzea». Nabarmendu dute, ziztada bidezko erasoei bezala, «indarkeria matxistaren aurpegi guztiei» aurre egiteko antolatu beharra dagoela.
Gasteizko jaietan, esaterako, sei emakumek salatu zituzten ziztadak, eta bi eraso homofobo izan ziren; ukituengatik hiru lagun ere atxilotu zituzten.