Zenbait sektoretan, ostalarien artean batez ere, ezinegona eta kezka sortu du neurri sorta horrek, baina tenperaturak eta argiztapena mugatzeko irizpide berriak izango dira gaurtik aurrera. Enpresek eta dendek derrigorrez bete behar dituzte aholkuak; etxebizitza partikularrentzat, berriz, borondatezkoak dira. Horra neurriak, laburtuta:
Tenperatura. Aire girotua ezingo da 27 gradutik behera jarri; eta, hotza egiten duenean, berogailua ezingo da 19 gradutik gora jarri. Zenbait salbuespen markatu dituzte: jatetxeetako sukaldeak, ikastetxe eta haurtzaindegiak, osasun zentroak, ile apaindegiak, garbitegiak, gimnasioak, botikak, museoak, eta hoteletako logelak. Ezaugarri berezian dituztelako arau horiek bete ezin dituzten lekuek ere eskatu ahal izango dute salbuesteko. Aldiz, neurriak bete beharrekoak izango dira erabilera publikoa, komertziala edota administratiboa duten eraikinetan; esaterako, antzeztokiak, zinema aretoak, ikuskizun publikoetako aretoak, garraio estazioak, aireportuak...
Argiztapena. 22:00etatik aurrera, hutsik dauden eraikin publikoak eta saltokietako erakusleihoak itzali egin beharko dira. Salbuetsita daude monumentuak eta argi errotuluak.
Ikusi gehiago:Energiaren 'tabula rasa'
Ateak itxita. Irailaren 30etik aurrera, eraikinek sistema automatikoa izan beharko dute ateak ixteko, klimatizazio gailuak martxan daudenean. Denda eta tabernek ere bete beharko dute agindu hori.
Oharrak. Irailaren 2tik aurrera, energia aurrezteko neurrien eta aholkuen berri eman beharko dute eraikinetan, pantaila edo kartelen bidez. Igogailuaren ordez eskailerak erabiltzea, telelana sustatzea eta argiteria optimizatzea ere aholkatuko dute mezu horietan.
Ikuskapen teknikoa. Eraginkortasun energetikoa aztertzeko obligazioa duten eraikinetan, azkeneko azterketa 2021eko urtarrilaren 1a baino lehenago egin bazuten, berriro egin beharko dira azterketak, urte hau bukatu aurretik.
Garraioak. Garraio enpresentzako, autobus zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresentzako eta arrantzontzien jabeentzako diru laguntza bereziak ere zehaztu ditu dekretuak, sorta luze batean, erregaien prezioen igoerari erantzuteko.
Bekak. 16 urtez gorako ikasle bekadunek beste 100 euroko laguntza eskatu ahalko dute lau hilabetez, aurtengo irailetik abendura.
Energia. Autokontsumoari eta energia instalazioei begirako zenbait neurri ere jaso ditu dekretuak.
Isunak. Dekretuak zehazten du 60.000 euroko isunak jaso ditzaketela aginduok betetzen ez dituztenek, urratze arinak eginez gero. Urratze larriengatik, sei milioi eurotik gorako isunak ere jarri ditzake gobernuak. Baina Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroak adierazi du ez duela uste inork isunak jarriko dituenik lehen kolpean. «Ohartarazpen bat egin beharko da, galdetu zergatik ez diren neurriak bete, eta egokituz joan, modu proportzionatuan». Denda eta ostatuek egokitzeko denbora beharko dutela ere onartu du. Baina lege urratzeak masiboak baldin balira edo iraungo balute, Espainiako Gobernua autonomia erkidegoekin harremanetan jarriko litzateke, «asteak edo hilabeteak pasatzen utzi gabe» neurriak hartzeko. Izan ere, autonomia erkidegoek bermatu behar dute neurriak indarrean jarriko direla.
Epea. 2023ko azaroaren 1 arte egongo dira indarrean neurriok, oraingoz. Baina Espainiako Gobernuak nahi duenean luzatu edo moztu ahalko du dekretuaren iraupena.