Sekretu Ofizialen Legea

Foro Sozialak «etsigarritzat» jo du Informazio Klasifikatuen Lege Aurreproiektua

Nazioarteko zuzenbidean oinarritutako lege bat adosteko eskatu die inbestidurako blokeko indarrei.

Foro Sozialaren agerraldi bat, uztailean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko abuztuaren 8a
12:33
Entzun

Espainiako Gobernuak aurkeztutako Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektuak kritika ugari jaso ditu publiko egin zutenetik. Haiei batu zaie Foro Sozial Iraunkorra ere. «Etsigarritzat» jo du proposamena, eta inbestidurako gehiengoa baliatzeko eskatu dio Moncloari, testua hobetzeko: «Gizarte heldu eta demokratiko batek ezin du egia osoa eskuratzeko beldurrik izan».

Talde parlamentarioek azken egunetan egindako adierazpenek erakusten dute badaudela aurreproiektua aldatzeko baldintzak, Foro Sozialaren arabera. Hala, alderdiei eskatu die «giza eskubideen urraketen biktimen arteko diskriminaziorik ezaren nazioarteko zuzenbidean» eta «biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako eskubidean» oinarritutako akordio baten alde egiteko.

1968ko Sekretu Ofizialen Legearen erreforma da estatuaren eta hark garatutako gerra zikinaren zenbait biktimaren kasuetan egia azaltzeko «bide egingarri bakarrenetakoa». Foro Sozialaren esanetan, ordea, gobernuaren aurreproiektuak ez die behar duten erantzuna ematen, ez GALen ez torturaren biktimei.

Aurreproiektuak 50 urtera arteko epeak aurreikusten ditu sekretuak publiko egiteko, eta haiek beste hamabost urtez ezkutuan mantentzeko aukera ematen dio Ministroen Kontseiluari. Hala, Foro Sozialak uste du egungo legeak baino «denbora kortse handiagoa» ezarriko lukeela, biktimen «birbiktimazioan» sakonduta: «Oraindik bizi diren ‘hirugarren mailako biktimen’ sentimenduan sakonduz, inpunitatea bermatzeaz gain». Kontrara, erreformak EAEko Polizia Abusuen Biktimen Legearen Balorazio Batzordearen lana erraztu beharko lukeela adierazi du, baita Nafarroan prestatzen ari diren molde bereko legea ere.

Beraz, aurreproiektuak hartutako bidea baztertu eta Nafarroako Parlamentuak iazko martxoan lortutako akordioa abiapuntu gisa hartzeko eskatu du. Orduko hartan, Navarra Suma ez beste guztiek bat egin zuten Espainiako Gobernuari eskatzeko Sekretu Ofizialen Legea aldatu dezala, Mikel Zabalzaren heriotzaren nondik norakoak argitzeko.

Ez da Foro Sozialak halako eskaera bat egiten duen lehen aldia. Iazko irailean gutun bat bidali zien Espainiako Presidentetza ministro Felix Bolañosi eta inbestidurako blokea osatzen duten alderdiei. Testu hartan, hausnarketa bat egiteko eta erreformari «nazioarteko parametroen ikuspegitik» heltzeko eskatu zien politikariei. Horrekin batera, exijitu zuen «artxibo ofizialetarako sarbidea behar-beharrezkoa baino gehiago luzatzen duen kortse berririk» ez ezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.