Palestina

Indarrean da Israelek eta Jihad Islamikoak adostutako su etena

Jada 44 dira erasoak hasi zirenetik hildako palestinarrak. Haietatik 15 hemezortzi urtez azpikoak ziren. 360 zauritu baino gehiago ere zenbatu dituzte.

Leherketa bat, atzo, Gazan. HAITHAM IMAD / EFE
Igor Susaeta - Paulo Ostolaza
2022ko abuztuaren 7a
20:12
Entzun

Hiru egunetako bonbardaketen ondoren, bart gauerdian sartu da indarrean Israelen eta Jihad Islamikoaren arteko su etena, Egiptoko bitartekariek Gazara egindako bisitaren ondoren. Jihad Islamikoak nahiz Israelgo Gobernuak, biek baieztatu dute menia. Ostiralean hasi zen Jihad Islamikoaren aurkako Egunsentiaoperazioa, eta etenik gabe egin du gora geroztik biktima kopuruak. Azken informazioen arabera, gutxienez 44 dira Israelek hildako palestinarrak (tartean 15 adingabe), eta 360tik gora zaurituak. Jihad Islamikoak jakinarazi duenez, talde armatuko hamalau kide daude hildakoen artean; tartean, bi komandante.

Ikusi gehiago:Elkarrizketa. Sarmi Zaqout: «Zenbat aldiz bonbardatu behar dute Gaza nazioarteak hatz bat mugi dezan?»

Palestinako WAFA berri agentziaren arabera, Jabalia eta Beit Hanun herrietan izan dira gaur arratsaldeko erasoak, eta bost lagun hil dira haietan.

Jihad Islamikoaren gertuko hainbat iturrik eta Egiptoko bitartekariek jakinarazi zuten atzo talde armatua eta Tel Aviv bake akordio bat adostear zeudela.

Jihad Islamikoak erantzun egin zuen larunbatean, Israelera suziriak jaurtiz eta horietako batzuk Tel Avivera ere zuzenduz. Israelen iritziz, 200 inguru jaurti zituen, baina, Al-Quds miliziaren —Jihad Islamikoaren adar militarra da— esanetan, 60 izan dira. Hiru pertsona zauritu zituzten, baina, Israelgo iturri ofizialek jakinarazi dutenez, suziri gehienak neutralizatu dituzte.

Iazko maiatzeko gerratik ez da gatazka oso larririk egon Gazan. Joan den urtekoak bi aste inguru iraun zuen, eta 256 pertsona hil ziren Gazan, eta hamalau Israelen. Zisjordanian Israelek okupatutako eremuetan izandako erasoen ondoren datoz atzo hasitako borrokak. Sarekada bat egin zuen armadak astelehenean, eta Bassam al-Saadi Jihad Islamikoko buruzagia atxilotu zuen. Hasi duen erasoaldia justifikatu zuen herenegun Tel Avivek, esanez «prebentiboa» dela, iruditzen zaiolako atxiloketa horrengatik mendekua bilatzeko eta erasora jotzeko asmoa zuela erakunde islamistak.

Gerra hotsak entzun daitezke Gazan, aintzat hartuta alde bateko zein besteko buruzagiek diotena. «Israelek ez du gatazka luzatu nahi, baina beldurtu ere ez da egingo», adierazi zuen Yair Lapid Israego lehen ministroak atzo gauean, telebistan emandako diskurtso batean. Israelgo hedabideek kaleratu dutenez, astebeteko iraupena izan dezakeen erasoaldi baterako prestatzen ari da armada. Gantz instalazio militar batera joan da gaur, eta azpimarratu du Jihad Islamikoari «min handia» egingo diotela. Tel Avivek esan du goizaldean Jihad Islamikoko hemeretzi militante atxilotu dituela Zisjordanian.

Hamas mugimendu islamistak kontrolatzen du Gaza 2007tik; Jihad Islamikoarekin lotura estua du, eta ohar baten bidez jakinarazi du «erresistentzia» bat eginda dagoela «bere armekin eta fakzio militarrekin», eta «azken hitza» izango duela. Jihad Islamikoko kide batek Reuters berri agentziari azaldu dionez, ez da «su etenerako» garaia, «erresistentziarakoa» baizik.

Israelen eta Gazako talde armatuen arteko bitartekaria izan da historikoki Egipto, eta su eten bat adosteko proposamena egin die bi aldeei. Egiptoko iturri militarrek adierazi diote DPA berri agentziari negoziatzaile talde bat Gazara eta Israelera joateko pronto dagoela. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere bere burua eskaini du bi aldeen arteko bitartekari izateko. Tor Wennesland NBEren Ekialde Hurbilerako mandatariak esan zuen, herenegun, «inplikatuta dauden alde guztiekin konprometituta» dagoela beste gatazka bat eragozteko.

«Erresistentzia islamikoa»

Israelgo Estatuaren etsaia da Iran, eta, hala, Teheranen babesa dute Hamasek eta Jihad Islamikoak. Hori dela eta, Palestinako talde armatuaren idazkari nagusi Ziad Al-Nakhalah Irango Guardia Iraultzaileko buru Hossein Salamirekin batzartu zen atzo, Teheranen. «Erresistentzia islamiko palestinarraren erantzun azkarrak erakusten du, zalantzarik gabe, aro berri bat hasi dela erresistentziak agintea har dezan», adierazi zuen Salamik. Bide batez, Tel Avivi ohartarazi zion egindakoagatik «ordainduko» duela. Gantzek erantzun zion haiek ere «kontua» ordaindu beharko dutela.

Al-Nakhalah pozik agertu zen «erresistentzia islamikoak garapen oso on eta eraginkor bat» eduki duelako eremu militarrean. «Baldintza oso onetan gaude, eta erregimen sionistaren edozein erasori modu egokian erantzun diezaiokegu».

Nazioartetik, bestalde, neurritasunez jokatzera deitu dituzte alde guztiak. Errusiako Atzerri ministro Maria Zakharovak eskatu die berriro ezar dezatela «su eten jasangarri bat». Eta EBko Atzerriko Ekintzarako Zerbitzuak adierazi du, ohar baten bidez, «ahal den guztia» egin behar dela «gatazka handiago bat» saihesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.