Memoria

Biktimen Oroimenezko Zentroak Meliton Manzanas biktima moduan gogoratu du berriro ere

Foro Sozialak «birbiktimizazio» hori saihesteko eskatu zion zentroari, baina Florencio Dominguez zuzendariak entzungor egin du. Eusko Jaurlaritzak Meliton Manzanasen torturen berri eman du aurten, estatuaren biktimak aitortzeko prozesuari buruzko urteko txostenean.

Meliton Manzanasen hileta, 1968ko abuztuan. BERRIA
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 3a
12:36
Entzun

Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak inspektore soil gisa gogoratu du Meliton Manzanas, berriro ere, ETAk hura hil zuenetik 54 urte bete berri diren honetan. Iaz polemika sortu zen, eta aurten ere gauza bera gertatu da. Sare sozialetan atzo zabaldutako mezu batean, ez zuten aipatu Manzanasek frankismo garaiko indarkerian izan zuen erantzukizuna eta dozenaka euskal atxiloturi egin zizkien torturak.

Joan den urtean gertatutakoa ikusita, Foro Sozialak «birbiktimizazio» hori saihesteko eskatu zion zentroari, baina Florencio Dominguez zuzendariak entzungor egin zuen. Foroak oroitzapen partzial hori saihesteko galdegin zien Dominguezi eta Memorial Zentroaren Fundazioko beste buru batzuei. Manzanas Polizia inspektore soil gisa oroitzen du zentroak, eta Clement Perret, berriz, «Frantziako industrialari bat» baino ez zela izan aipatzen da. Biak gerra zikinean inplikatuta egon ziren.

Gobernuak Manzanasen torturen berri eman du aurten estatuaren indarkeriaren biktimak aitortzeko prozesuari buruzko urteko txostenean. Aurreko ikasturtean Balorazio Batzordeak onartutako 46 kasu biltzen ditu txostenak, eta Manzanasi eta haren taldeari dagozkien bi kasu daude. Horiek 1961. eta 1968. urteetakoak dira, eta azpimarratzen da «Manzanasek tortura saioak zuzentzen zituela eta horietan parte hartzen zuela».

Foro Sozial Iraunkorrak uste du Patronatuko kideek esku hartu behar dutela horrelako egoerak saihesteko.

Manzanasen kasua

1968ko abuztuaren 2an hil zuen ETAk Meliton Manzanas, etxera zihoala. Erakunde armatuak modu antolatuan eta hiltzeko helburuz prestaturiko lehen atentatua izan zen. Donostiako polizia etxea utzi eta gero, autobusez joan zen Manzanas Irunen (Gipuzkoa) zuen etxera, Villa Arana izeneko txaletera. Autobusetik jaitsi, eta etxeko atarian sartu bezain pronto, eskaileretan, ETAko kide bat zuen zain.

Ikusi gehiago: 1968ko abuztu sargori hura

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.