Zubietako erraustegiaren inguruan dauden lur azpiko urek metal astunen, dioxinen eta furanoen kantitate arriskutsuak dituzte. Hori ondorioztatu dute SGS eta Idom enpresek duela urtebete egindako ikerketa txostenek, GuraSOS elkarteak adierazi duenez. Txosten horiek Eusko Jaurlaritzak bere eskuetan dauzka, eta elkarteak salatu du egoeraren jakitun izanda ere ez duela ezer egin. GHK-k, berriz, esan du substantzia horiek erraustegia martxan jarri aurretik ere ageri zirela eremu horietan egindako ikerketetan.
Erraustegiaren inguruko aferak berriro ere polemika sortu du azken asteetan, duela hamabost egun Zubietako erraustegiaren azpiko Arkaitzerreka errekastoan izandako kutsadura dela eta. Usurbilgo Udalak eta EAM Errausketaren Aurkako Mugimenduak hartutako laginak ikertu dituzte laborategian, eta kutsadura arrasto «kezkagarriak» topatu dituztela jakinarazi dute. Ez da halako zerbait gertatzen den lehen aldia; 2020ko maiatzean, ehunka arrain hilda agertu ziren errekasto horretan isuritako substantzia toxikoen ondorioz, eta auzi bat irekita dago delitu ekologikoagatik.
GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak dauka erraustegiaren gaineko eskumena, eta, aldi berean, horrek Ekondakin Energia eta Ingurumena izeneko enpresa taldea dauka kontratatuta erraustegia kudeatzeko. Azken horrek eskatu zion Suitzako SGS enpresari 2020. urtean erraustegiko inguruen egoera aztertzeko txosten bat egiteko. Izan ere, Ingurumen Baimen Bateratua dauka erraustegiak, eta horrek behartzen du zundaketak egin behar dituzten lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea neurtzeko ikerketak egitera, eta gero horiek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailera bidaltzera. Hain zuzen, GuraSOSek salatu du Eusko Jaurlaritzak bazuela txosten horretako datuen berri 2020. urtearen amaieratik.
Txosten horretan, ikertzaileek adierazten dute lur azpiko uretan aurkitutako kutsadura mailek esku hartzearen balioa gainditzen dutela. GuraSOSek azaldu du, horrek «gizakiaren osasunerako edo ekosistemetarako arrisku onartezina» dakarrela. Besteak beste, kromoa, kobrea, zinka eta antzeko metal astunak, dioxina eta furanoak, zein fenola eta hidrokarburo aromatikoak aurkitu dituzte ikerketa horietan —2019ko abenduan, 2020ko abuztuan eta iaz egin zituzten—.
Era berean, txostenak gomendatzen du «ikerketa xehatua eta arriskuen balorazioa» egitea, eta baita azterlanaren emaitzak «ingurumen arloan eskumena daukan administrazioari» helaraztea ere. GuraSOSek kutsadura horiekin lotzen ditu zuzenean Arkaitzerrekako substantzia toxikoak, baina GHK-k behin eta berriz adierazi du ez dakiela nondik etor daitekeen errekastoko kutsadura hori. Astearte honetan, gainera, GHK-k adierazi du GuraSOS taldea informazioa «manipulatzen» ari dela. Eta errausketaren aurkako taldeak erabat ukatu du hori.
2021. abenduan egin zuen orain arteko azken azterketa Idom ingeniaritza enpresak. Haren arabera, erraustegiaren inguruko eremua kutsatuta zegoen jada ikerlan horretarako laginak hartu zituztenean, 2019ko abenduan. Idomen txostenak eta GHK-k adierazi dutenez, beraz, erraustegia 2020ko abenduan martxan jarri aurretik, jada substantzia toxikoak zeuden erraustegi ondoko lur azpiko uretan. Hala ere, erraustegia zabaldu aurretik, hainbat hilabetez egon ziren probak egiten, eta, hain zuzen, proba horiek 2019ko azaroan hasi zituzten, Idomek azterketa egin baino aste batzuk lehenago.
GHK-k adierazi du GuraSOSek «behin eta berriz asmo txarrez» erabiltzen duela informazioa, eta informazio horrek, gainera «erraustegia martxan jarri aurreko datuak» islatzen dituela. Kontrara, azaldu du lur azpiko uren kutsadura horrek lotura izan dezakeela «lurerauzketako materialarekin lurzatian egindako betelanekin».