Laborantza

Nafarroan iaz baino %15 zereal gutxiago bildu da aurtengo uztan

Orotara, 678.000 tona bildu dira. Erriberan «normal» joan da uzta; iparralderagoko eskualdeetan, berriz, gehiago nabaritu dira bero handia eta lehortea.

Nafarroan, zereal lur sail bat. INTIA @INTIASA
joxerra senar
2022ko abuztuaren 2a
13:09
Entzun

Gaizki, baina ez hain gaizki. «Galera askoz ere handiagoa izatea espero genuen», laburbildu du Jesus Goñi Nafarroako Intia sozietate publikoko esperimentazio arloko koordinatzaileak. Nafarroan, aurtengo zereal uztan678.000 tona zereal bildu dira, iaz baino %15 gutxiago. Laborantza kooperatibek emandako datuak dira —ez dute ordezkatzen zereal produkzioaren %100, baina bai lurren %80—.

Erriberrin eman dituzte aurtengo uztaren datuak, kooperatibekin batera egindako jardunaldi batean. Datu orokorraz harago, diferentziak badira laborearen eta eskualdearen arabera. Oro har, Nafarroa hegoaldean aurreko urteetan adina bihi bildu dute. Alderantziz, iparralderago (erdialdean eta Zangoza aldean), errendimendua eskasagoa izan da oro har. Dena den, Intiaren arabera, eskualde arteko gorabeherok lur sailen artekoak ere izan dira.

Jesus Goñiren arabera, «uzta okerragoa» izatea espero zuten, eta bildutakoa baino «askoz ere gutxiago» lortzea. Haren esanetan, «lur sakonagoek hobeto eutsi diete» eguraldiaren gorabeherei. Izan ere, zereala erein osteko hilabeteetan euri asko egin zuen —azarotik abendu erdialdera arte—. Aitzitik, udaberria eta uda oso lehorrak izan dira, eta ekainetik aurrera muturreko tenperatura historikoak izan dira.

Bi zereal nagusien artean, garagarraren uzta gariarena baino hobea izan da. Oro har, garagarra nahiko ondo joan da kantitate aldetik. Aldiz, gari uzta txarra izan da: Zangoza aldean, azken hamabi urteetako uztarik txarrena izan dute; Nafarroa erdialdean, berriz, azken hamabi urteetako uztarik okerrenetan bigarrena.

Gainerako zerealen kasuan, oloaren uzta «oso negatiboa» izan da. Koltza eta ekilorea errotaziorako labore gisa erabili ohi dituzte laborariek —batik bat, urteroko kanpainari ekitean, zereal nagusietarako ez diren lursailei arnasa emateko—. Koltza eta ekilore olioen produkzio handia espero zen aurten. Hala, koltzaren kasuan 1984tik «uztarik hoberena» izan da: 9.000 hektarea erein dira, eta hektareako bi tona lortu dira.

Beste zerealen aldean, ekilorea udaberrian erein ohi da, eta, Ukrainako gerrak eragindako eskasiaren aurrean, produkzioa nabarmen igotzea espero zen. Aurreikuspen horiek bete egin dira, hein batean; izan ere, laborariek handitu egin dute labore hori, errotaziorako, baina ez da espero bezain handia izan azalera: beste urteetan, batez beste 4.400 hektarea erein ohi dira, eta aurten %20 handitu da azalera. Ekilorea oraindik ez da bildu, eta, ondorioz, ez dago bilketaren daturik.

Nafarroako datuez gain, Araban uzta txarra izatea espero da. Iragan astean, Javier Torre UAGAko presidenteak aurreratu zuen iaz baino %40 gutxiago biltzea espero dutela. Zonaka, zenbait tokitan txarragoa izango dela ohartarazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.