Palestina

Israelgo armadak 16 urteko palestinar bat hil du tiroz Zisjordanian

Palestinako agintariak herritarren aurkako kanpaina politiko handienetarikoa egiten ari direla salatu du Lawyers for Justice erakundeak. Azken bi hilabetean 94 pertsona atxilotu dituzte Zisjordanian, tartean ikasleak eta kazetariak.

Israelgo armada eta Palestinako manifestariak borrokan Zisjordaniatik gertu. ALAA BADARNEH/ EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko uztailaren 29a
17:28
Entzun

Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, Israelgo armadak Amjad Naxat Abu Alia 16 urteko palestinarra hil du tiroz Zisjordanian. Gaztea bularrean jo du tiroak, eta bizirik eraman dute ospitalera, baina handik gutxira hil da. WAFA albiste agentziaren arabera, militarrak eta kolonoak oldartu egin zaizkio palestinar batzuei, haiek kolonoen erasoak salatzeko protesta batean ari zirela, eta orduan hasi dira liskarrak. Soldaduek tiroka eta negar gasa botaz jo dute manifestarien aurka, eta haietako bi zauritu dituzte, tartean Abu Alia.

Azken egunotan giroa bero dago Palestinan. Gaur ez ezik, atzo ere hiru palestinar zauritu zituen tiroz Israelgo armadak, Zisjordania hegoaldean. Aldi berean, iragan astean Palestinako bi miliziano hil zituzten Israelgo armadak egindako operazio batean, Nablusen.

Palestinarren aurkako kanpaina politiko handienetariko bat egiten ari da PAN Palestinako Aginte Nazionala azken urteotan. Horren adierazgarri da azken bi hilabeteetan gutxienez 94 palestinar atxilotu dituztela Zisjordanian, Israelek okupatutako eremuan. Ramallah hiriko Lawyers for Justice taldearen arabera, atxilotutakoak unibertsitateko ikasleak, ekintzaile politikoak eta kazetariak dira. Horietatik gehienak atxilotu eta aske utzi dituzte hamar egunera; beste hogei preso daude oraindik. Lawyers for Justice taldeko buru Muhammad Karajehk Al-Jazeera telebista kateari esan dionez, atxilotu dituzten gehienek «tratu txarrak eta torturak» jasan dituzte.

Karajehren esanetan, preso hartutako gehienak Hamaseko eta Jihad Islamikoko aktibistak dira, eta gutxi batzuk, Al-Fatahkoak eta Palestina Askatzeko Herri Frontekoak. Atxilotu gehienei galdetu zieten zertan parte hartzen duten politikan, eta hauteskundeetan zer alderdiri eman zioten boza.

Palestinako agintariek jendea preso hartu dutela baieztatu duten arren, atxiloketak «beharrezkoak» zirela argudiatu dute. Al-Jazeera telebista katearen arabera, Talal Dweikat Poliziaren bozeramaileak adierazi du Mahmud Abbas PANeko presidentearen aginduak bete dituztela: «Presidenteak jarraibide irmoak eman dizkigu herrialdeko segurtasuna bermatzeko. Agindu digu Palestinan kalean kaosa eta desordena nabariak badira horiei aurre egiteko, presioa eginez». Dweikatek gaineratu du haien lana «palestinarren segurtasuna» bermatzea dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.