Europako banderaren gainean, estatua identifikatzen duen hizkia eramaten dute Europako Batasunean matrikulaturiko autoek. Hego Euskal herrian matrikulaturiko autoek E bat daramate, eta Iparraldean F bat. Badira, ordea, euren nazioa identifikatzeko hizkia edo hizkiak horien gainean jartzen dituzten auto jabeak. Askori isuna jarri izan diete Espainiako Poliziak edo Guardia Zibilak, E hori estaltzeagatik. Haatik, Espainiako Barne Ministerioak onartu behar izan du legeak ez duela biderik ematen inor zigortzeko horregatik, eta erretiratu behar izan ditu jarritako hainbat isun.
Galiziako Nos Diario kazetak kontatu du isunen kontra aritu den galiziar baten borroka luzea. Bieito Lobeira BNG alderdi nazionalistako organizazio idazkaria da, eta aspaldi erabaki zuen E-aren gainean GZ (Galizia) hizkiak dituen eranskailua jartzea. Guardia Zibilaren jazarpena pairatu izan du horregatik.
Kontatu duenez, behin, egun berean bitan ere gelditu zuten, bi kilometroko tartean. Urteak iraun du jazarpenak, eta, ondorioz, Lobeirak ez du gogoratzen zehazki zenbatetan gelditu duten isuna jartzeko.
Bere naziotasuna nabarmentzeaz gain, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburuaren asmo zentralistak salatzeko jarri zuen Lobeirak eranskailua. Izan ere, Aznarrek erabaki zuen Espainiako Trafiko zuzendaritzaren aurrean matrikulaturiko autoek Espainia adierazten duen hizkia eramango zutela, eta ezingo zutela beste naziotasunik adierazi. «Hor sartzen gara ikurren inguruko eztabaidan. «Hemen aspaldi ari dira Galiziako ikurren kontrako jazarpenean, estadioetan banderak kentzen, kasurako, edo itsasontziei isunak jartzen Galiziako bandera jartzeagatik». Lobeirak ez ditu inoiz ordaindu isunak, uko egin dio eranskailua kentzeari, eta helegitea jarri du kasu guztietan.
Urteak behar izan ditu, baina, azkenean, borroka irabazi du. Barne Ministerioak gutuna bidali dio, eta horretan adierazi dio isunak bertan behera utzi dituztela, Lobeirak eginikoak ez delako zigortzeko modukoa, legearen arabera.
Izan ere, legeak zehazten du ezin direla matrikulan jarri hura «irakurtzea edo identifikatzea galarazten edo zailtzen dituzten oztopoak». Kasu horretan halakorik ez dela gertatzen adierazi du Barne Ministerioak. Lobeirak honela laburbildu du: «Eranskailuak galarazten bazuen ibilgailua identifikatzea, orduan nola liteke isunak neure etxera heltzea?»
Izan ere, Europako Batasunean, bakarrik Espainiako Trafiko Zuzendaritzak ematen ditu lau zenbaki eta hiru hizki dituzten matrikulak, azaldu duenez. Beraz, ezinezkoa litzateke estatuz nahastea.
Egindako borrokarekin pozik agertu da Lobeira: «Garaipen kolektiboa da, aurrekaria ezartzen duena».
2000. urtean ezarri zuen gaurko sistema Aznarren gobernuak. Kataluniako Generalitateak gogor gaitzetsi zuen aldaketa, eta Espainiako E-a ezartzea. Intsumisiora deitu zuen ERCko diputatu Joan Puigcercosek, eta politikari zein herritar askok CAT (Katalunia) eranskailuak jarri zituzten. Azkenean, Kataluniako Poliziak berak ohartarazi zuen 2011. urtean eranskailua matrikulan jartzea zigortzeko arrazoia zela.
Frantziako administrazioak aukera ematen die auto jabeei departamenduko zenbakia eta ikurra jartzeko autoen matrikulan. Bretainiako eta Korsikako kodea aukeratzen dutenek euren nazioetako ikurrak eduki ditzakete. Iparraldekoek, berriz, ez, eta Akitania Berriko ikurrak eraman behar dituzte. Matrikulan eranskailu bat jartzea erabat debekatuta dago.