Artea

Mundua, San Telmo museoaren eskalan

Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistek Paperezko inperio baten atlasa instalazioa jarri dute Donostiako San Telmo museoan, Museo Bikoitza programaren barruan. Museoaren bildumako mapen irudiak proiektatuko dituzte. Artistek Hinrich Sachs hautatu dute programan parte hartzeko.

Klaas van Gorkum eta Iratxe Jaio artistak, gaur, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU
Andoni Imaz.
2022ko uztailaren 28a
16:37
Entzun

Liburukote bat, zabalik; eta, haren orri zurietan proiektatuta, itxura askotako mapen irudi xeheak. «Papera, paperean proiektatuta». Hitzik gabeko liburu hori da Paperezko inperio baten atlasa; hori, eta, batez ere, proiekzioaren oinarrian dauden mapen hautaketa eta algoritmoaren diseinua. Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistek sortu dute, Donostiako San Telmo museoaren Museo Bikoitza programarako. Museoko elizaren alde batean martxan egongo da 2023ko uztailaren 28ra arte, eta haren bilduman sartuko dute ondoren.

Jaiok eta Van Gorkumek museoaren artxiboko mapa bilduma aztertu dute azken urtean. «Mapak ez dira San Telmoko gauzarik adierazgarrienak edo ikonikoenak. 'Mapak? Ez ditugu hainbeste...', esaten ziguten. Ba, laurehun baino gehiago», azaldu du Jaiok. Horien artean, 30 bat aukeratu dituzte erakusteko, XVII. eta XVIII. mendeetakoak gehienak. Bide horretan, museoa «barrukoz kanpora» ezagutu dute: «Objektuak erakusketa aretoetan jartzen diren narratibetatik kanpora ikustean, museoa bera zeinen handia den ikusi dugu».

Museoak gordetzen eta zaintzen dituen pieza asko ezin dituzte jendaurrean erakutsi, hauskorrak direlako edo formatu bereziren bat dutelako. Mapa zahar gehienak Gordailuan edukitzen dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare bildumen zentroan, eta bi artistak han aritu dira lanean.

Mapak arakatu, aukeratu eta eskaneatu egin dituzte, «San Telmoren kartografia bat» sortzeko. Horretarako, tresna bat sortu dute, beso robotiko bat: «Argazki makina bat genuen, makro lente batekin, eta mapa bakoitzari argazki asko ateratzen zizkion, hirurehun bat, zentimetroz zentimetro. Dena elkartu genuen ordenagailuan, baina hain handia zen, ezin baikenuen ondo maneiatu». Bereizmen handiko irudi horietan, paperaren materialtasuna ere nabarmentzen da, bere testurekin eta koloreekin. Gainera, litograforen batek utzitako hatz markak ere topatu dituzte artistek.

Algoritmo bat sortu dute mapen xehetasunen artean nabigatzeko. Algoritmoa autonomoa da, eta animazio bat sortzen du zuzenean, ateratako argazki horietan barrena. «Ibilbide bat sortzen du mapekin, muga bakarra museoaren bilduma duen mundu batean». Ibilbide horrek ez du bukaerarik, gainera, aldiro berri bat egiten baitu.

Lan hori liburu batean proiektatzea erabaki dute, museoari objektu bat eman ahal izateko. «Ez genuen algoritmo immaterial bat bakarrik eman nahi, baizik eta aingura baten moduan han geratuko den zerbait», Jaioren hitzetan. Liburua eskuz egina da, eta artisten Rotterdamgo (Herbehereak) lagun batzuek sortu dute. «Hain handia da, koadernatzean besoa ez baitzitzaien heltzen, eta bi lagunen artean egin behar izan dute. Proiektu osoa erronka polita izan da».

«Museoaren erretratua»

Jaiok esan du «museoaren bildumaren handitasuna» jaso nahi izan dutela haien lanaren bidez: «Handitasuna paradoxaz betetako ideia bat da: bildumak hazten jarraitzen du, etengabe berrikusten da, eta hutsuneak ditu. Hau da, kontakizun bat sortzeko orduan, mugak eta kontraesanak izango ditu, eta, azken batean, museoaren erretratu bat bihurtuko da».

Mapek munduari begiratzen diote museotik. Instalazioa sortzeko, erabili dituzte eraikinaren planoak, Donostiakoak, Gipuzkoakoak... «Hiriko mapetan, ikusten da tokia nola aldatzen den gerra sasoian. Fokua zabalduz eta zabalduz doa: Euskal Herrikoak, Europakoak... eta, ondoren, mundura heltzen garenean, benetan ageri dena koloniak dira. Ez dago Asiako maparik, adibidez. Bilduma bera museoaren erretratu bat da: erakusten du museoak zelan ikusten duen mundua».

San Telmo museoak 2018an abiatu zuen Museo Bikoitza programa, Asier Mendizabal artistak proposatuta. Urtero, artista batek museoarekin eta haren bildumarekin lotutako lan bat sortzen du —gunearen «berrirakurketa bat» eginez, Susana Soto museoko zuzendariaren hitzetan—, eta beste artista bat hautatzen du, hurrengo urterako gauza bera egin dezan. Ibon Aranberrik, Erlea Manerosek eta Jose Mari Zabalak parte hartu dute orain arte, eta, Jaiok eta Van Gorkumek hala erabakita, Hinrich Sachs izango da hurrengoa.

Sachs Basilean jaio zen (Suitza), 1952an, eta Donostian igaro zuen haurtzaroa. Arte bisualak ikasi zituen Hanburgon (Alemania) eta Parisen, eta, gaur egun, haren ikergai nagusia da kapital globalak eta interes korporatiboek zer-nolako eragina duten ondare kulturalean. Artelekurekin eta Consonnirekin kolaboratu izan du, eta bere lana San Telmon erakutsi zuen, baita Parisko Le Plateaun, Genevako MAMCOn (Suitza) eta Stockholmgo Moderna Museeten ere, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.