OME Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko larrialdia ezarri du tximino baztangarengatik. OMEko idazkari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek prentsaurreko batean eman du erabakiaren berri, adituen batzorde batek larrialdi izendapena emateari buruzko batzar bat egin eta bi egunera. Horrek, besteak beste, estatuak behartuko ditu badaezpadako osasun neurriak indartzera.
16.000 herritar baino gehiago kutsatu dira tximino baztangarekin 75 herrialdetan, eta horietatik bost hil dira. Ekainean eginiko batzar batean, adituen batzordeak aholkatu zuen eritasun horregatik ez ematea nazioarteko larrialdia; orain ere ez da erabateko adostasunik egon adituen artean, Adhanomen esanetan, baina hark larrialdi izendapena ematea erabaki du, aintzat hartuta mundu mailan dagoen kutsatu kopurua eta lurralde hedapena aintzat hartuta.
Adhanomen arabera, OMEk irizpide gisa erabili du birusa «azkar» hedatzen ari dela «aurrez kasurik izan ez duten herrialde askotan». Era berean, Europan kutsatzeko arrisku maila igo dute eta orain «altua» da, kontinente horretan pilatzen baitira kasuen %80. Gainerako kontinenteetan, kutsatzeko arriskuak «neurrizkoa» izaten jarraituko du.
Zazpigarren aldia da OMEk nazioarteko larrialdia ezartzen duena 2005ean eredu hori martxan jarri zuenetik. Aurrez, A gripeagatik eman zuen 2009an, ebolagatik 2014an eta 2018an, poliomielitisagatik 2014an, zika birusagatik 2017an eta koronabirusarengatik 2020an. Azken horregatik ezarritako larrialdiak indarrean jarraitzen du.
Euskal Herrian maiatz amaieran antzeman zituzten lehenbiziko tximino baztanga kasuak. Sintoma ohikoenak dira sukarra, mialgia, adenopatiak —gongoilak haztea— eta eskuetako eta aurpegiko erupzioa.