Sukaldaritza

Alvaro Garrido sukaldariak bere bost euskal jatetxe gustukoenen zerrenda atera du

Arrea, Jauregibarria, Txakoli Simon, Zarate eta Zuberoak osatzen dute sukaldari bilbotarraren zerrenda. Pandemiak eragindako kalteak pairatu behar izan dituzten arren, aurrera ateratzea lortu dute jatetxeek.

Alvaro Garrido sukaldaria, Madrileko "Madrid Fusión" ekitaldian 2017an. JAVIER LIZON / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko uztailaren 20a
16:53
Entzun

Alvaro Garrido sukaldariak (Bilbo, 1976) bere bost euskal jatetxe gustukoenen zerrenda argitaratu du New York Times egunkarian. Garrido, bere emazte Lara Martinekin batera, Bilboko Mina jatetxearen jabea da. Hiriaren bihotzean dago Mina, eta 2013. urtean lehen Michelin izarra lortu zuen. Sukaldaritza ogibide gogorra eta oso lotua den arren, libre dagoenean inguruko jatetxeetara joatea gustuko du Garridok.

Ostalaritza izan da pandemiaren kolpe bortitzenak pairatu dituen sektoreetako bat zalantzarik gabe. Azken urteetan jatetxeek gorriak ikusi behar izan badituzte ere, askok lortu dute aurrera jarraitzea. Horren adibide dira Alvaroren zerrenda osatzen duten jatetxeak. Horietako batzuek eskaintza zein zerbitzua eraldatuz aurkitu zuten irtenbidea pandemia garaian. Bilboko Zarate jatetxeak, esaterako, betiko zerbitzua eskaintzeaz gain, itsasoko produktuak take away eran eramateko zerbitzua sortu zuen.

Exceltur Espainiako turismo industriaren elkarteak urtarrileko txosten batean iragarri zuen Espainiako turismoaren barne produktu gordina pandemia aurreko mailaren %88ra hel zitekeela 2022an (135 mila milioi euro inguru). Kopuru hori 2021. urtean lortutakoa baino 47 mila milioi euro gehiago bada ere, 2019an lortutakoa baino 19 mila milioi euro gutxiago da. Neurriak murriztearekin batera, jendeari bidaiatzeko gogoa piztu zaio berriro, eta jatetxeen bueltan ere elkartzen hasi dira.

Uda honetan zein edozein momentutan ondo jan nahi izanez gero, hemen Alvaro Garridoren bost euskal jatetxe gustukoenen zerrenda:

Arrea

Edorta Lamo sukaldariaren jatetxea da Arrea, eta Kanpezun (Araba) dago. Hamalau urte Donostiako A Fuego Negro jatetxean lanean aritu ostean, itxi egin behar izan zuen, pandemiak eraginda. Erabaki zail hori hartu izanak bere jaioterrira itzultzera bultzatu zuen, eta, horrela, Arrea jatetxea sortu zuen Kanpezun.

Jatetxe honen bereizgarri nagusia da beraiek espresuki bildutako produktu freskoekin kozinatzen dutela. Eguneko menuak 20 euro balio ditu, eta bestelako menuak, berriz, 40 euro.

Jauregibarria

Bilbotik 20 bat minutura dago Jauregibarria, Amorebieta-Etxanon, eta Beñat Ormaetxea da haren jabea. Bertan, Euskal avant-garde sukaldaritza deiturikoa egiten dute, hau da, betiko platerei ukitu modernoa ematen diete zenbait teknika erabiliz. Haiek ere bertako produktu freskoak erabiltzen dituzte sukaldean. Janari ederra eskaintzeaz gain, inguru paregabean dago jatetxea. Bere izen bereko parke botanikoak inguratzen du, hain zuzen ere.

Pandemia garaian turisten kopurua apaldu bazen ere, Ormaetxeak aldaketarik nabaritu ez izana azpimarratzen du. «Hiru industrialde garrantzitsuetatik gertu gaude, eta, ondorioz, langile jendea egunero etorri izan da».

Txakoli Simon

Bilbon dagoen erretegi bat da Txakoli Simon, eta Oscar Garcia da kudeatzailea. Janari tradizionala eskaintzen dute, eta Galiziako ganadutegi batetik hartzen duten txuleta da haien plater izarra. Bilboko onenetakotzat jotzen da.

Pandemia garaian ez zuten take away edo bestelako zerbitzurik martxan jarri, baina, ireki bezain laster, bezero kopurua nabarmen handitu zen.

Zarate

Zarate jatetxea Bilbon dago, eta Sergio Ortiz de Zarate da bertako sukaldaria. Lekeition hasi zen lehenengo aldiz sukaldean Zarate, eta hastapen horien ukitua nabari da haren plateretan. Kantauri itsasoan barrena murgiltzen duen kartaz gain, 11 platereko menu bat ere eskaintzen dute. Kartako platerek 25 eurotik gora balio dute, eta 11 platereko menuak, berriz, 105 euro.

Pandemia garaiansortutako La Lonja de Zarate orain itxi badute ere, jangelan betiko eskaintza martxan dute.

Zuberoa

Euskal Herriko jatetxe ospetsuenetakoa da Oiartzungo Zuberoa jatetxea. 600 urte inguru dauzkan baserri batean dago, eta Hilario Arbelaitz da sukaldaria. Belaunaldiz belaunaldi pasatu da jatetxe hau, eta euskal plater tradizionalak prestatzen dituzte, ukitu moderno batekin. Michelin izar bat ere badu.

Bederatzi platereko menua eskaintzen dute 159,50 euroan, eta sarrerako platerek, berriz, 38,50 eurotik gora balio dute. Pandemia igaro ostean arazo batzuk izan zituzten arren, bezeroen kopuruak gora egin du oso denbora gutxian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.