Lan gatazka

Mercedeseko langileek lan hitzarmena onartu dute erreferendumean

Langileen %57k babestu dute zuzendaritzak UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuekin egindako lan hitzarmenaren akordioa. Tailerretan ezezkoak irabazi du, baina bulegoetan eta bozketa telematikoan nagusitu egin da akordioaren aldeko jarrera.

Gasteizko fabrikaren atarian egin zuten manifestazioa orain bi aste langileek. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Aitor Biain - Hodei Iruretagoiena
2022ko uztailaren 19a
00:20
Entzun

Langileen %57k babestu dute lan hitzarmenaren akordioa, eta datozen bost urteetarako lan baldintzak finkatuta geratu dira. Atzo egin zuten lan itunaren inguruko bozketa erabakigarria: zuzendaritzak UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuekin egindako akordioa babestu ala ez erabaki behar zuten ia 5.000 langilek. %94,69koa izan da parte hartzea, eta 2.601 beharginek egin dute akordioaren alde; 1.939k, aldiz, aurka. Hamalau izan dira boto zuriak.

Atzo goizeko lehen orduan hasi zuten erreferenduma, eta gaur goizeko ordu txikietan amaitu dute. 09:00etan hasi ziren botoa ematen bulegoetako langileak fabrikan jarri ziren 22 boto kutxetan, eta 10:00etan tailerrekoak. Aldiz, egun guztia izan zuten modu telematikoa erabili zuten bostehun langile inguruk. Sindikatuen arabera, parte hartze handia izan zuen bozketak, eta ez zen arazorik egon, laneguna bazuten ere.

Lantegiko sailen arabera, ezberdina izan da emaitza. Muntatzeaz eta pinturaz arduratzen diren beharginen artean ezezkoa nagusitu da, eta baiezkoa, aldiz, bulegoetan eta bozketa telematikoan. Oinarrizko muntatzearen sekzioan, aurkako 411 boto zenbatu dira, eta aldeko 271; azken muntatzearen sekzioan, berriz, 1.105 boto aurka, eta 1.092 alde; pinturan, 291 aurka, eta 276 alde. Bulegoetan alde handiz irabazi du baiezkoak: 502 langilek eman dute aldeko botoa, eta 52k aurkakoa. Bozketa telematikoan ere, antzera: 460 alde, eta 80 kontra.

Joan den asteartean egin zuten akordioa zuzendaritzak eta langile batzordearen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuek, azken bi hilabeteetan bederatzi egunez ekoizpena eten zuten lanuzteen ondotik. Akordioan jasota dago, besteak beste, soldatak %6 igotzea aurten, eta beste %2,25 urtero 2023tik eta 2026ra. 4.000 euroko sari bat ere jasoko lukete, 2021eko igoera ordezkatzeko. Beste ordainsari batzuk handitzea ere jasotzen du testuak, baita gatazkaren korapilo nagusietako bat izan den lan malgutasunari arau batzuk ezartzea ere. 2026ra bitarte egongo litzateke indarrean hitzarmena.

Soldatak eta txanda kontratuak

UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuen ustez, hots, akordioa egin zutenen ustez, proposamena ona da langile guztientzat, lantegiaren egonkortasuna bermatu eta erosteko ahalmena berreskuratzeko aukera emango dielako. Gainera, Gasteizko fabrikan auto elektrikoa ekoitzi ahal izateko multinazionalak egin asmo duen 1.200 milioi euro inguruko inbertsioa ere bermatuko luke akordioak.

Hala uste du zuzendaritzak ere, eta lan itunaren negoziazioak negozio plan hori iragarri baino urtebete lehenago hasi bazituzten ere, elkarrekin lotu ditu azken hilabeteetan. Enpresak eskarien arabera egokitu nahi baitu ekoizpena, eta, horrekin batera, datozen urteetarako lan baldintzak. Horregatik ohartarazi zuen proposamena ez onartzeak arriskuan jarriko lukeela inbertsioa, eta, horrenbestez, lantegiaren etorkizuna.

Aldiz, lan itunak eta inbertsio planak loturarik ez duela iritzi diote ELAk, LABek eta ESK-k, eta proposamena ez babesteko eskatu zieten langileei. Sindikatu horien ustez, proposamenak lan baldintzak okertzea ekarriko du, besteak beste, langileek erosteko ahalmena galtzen jarraituko dutelako. Horregatik, iritzi diote ezinbestekoa dela soldatak KPIari lotuta igotzea. Gainera, uste dute akordioak ez dituela jasotzen beren beste eskarietako batzuk: hala nola txanda kontratu hobeak ezartzea edota langile berrien eta finkoen artean «diskriminaziorik» ez egitea.

Jaurlaritza, patronala eta CCOO, pozik

Pozik agertu da emaitzarekin Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, eta ohar batean esan du «hiriarentzat urrats erraldoia» dela baiezkoa: «Urrats erraldoia da, Gasteizen etorkizun ekonomikoa bermatzeko gakoa baita inbertsio hori ziurtatzea. Alde guztiak zoriondu nahi ditut: langileak, zuzendaritza eta akordioa erraztu duten sindikatuak». Bide beretik jo du Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuorde Mikel Amundarainek ere: akordioak «egonkortasuna» dakarrela esan du, eta «aurrerapauso bat» dela enpresak egin nahi duen inbertsioa lotzeko. Bingen Zupiria gobernu bozeramaileak adierazi du, ordea, «erronka» orain multinazionala «konbentzitzea» dela 1.200 milioi euroko inbertsio plana baieztatzeko, horrek lantegiaren etorkizuna bermatuko lukeelako «jarduera, proiektu eta teknologia berriekin».

CCOO sindikatuak ere «erabaki historikoa» izan dela nabarmendu du, eta ezinbestekoa zela lantegiaren etorkizuna bermatzeko: «Bere historiako inbertsiorik handiena ekarriko du, eta, batez ere, langileen baldintzak hobetuko ditu». SEA Arabako patronaleko zuzendari nagusi Juan Ugartek esan du «albiste ezin hobea» dela langileek aurreakordioa babestu izana; batez ere, «oraingo enplegua bermatzea» dakarrelako eta enpresak Gasteizko lantegian inbertitzeak «enplegu gehiago sortzea» ekarriko lukeelako.

Ez dute ikuspegi bera ezezkora deitu zuten sindikatuek. LABen Mercedeseko ordezkari Mikel Diaz de Alda langileek egindako borrokarekin «pozik eta harro» agertu da Radio Euskadin: «Langileek erakutsi dute borrokatu dutela, eta borrokan jarraitu nahi dutela lan baldintza duinen alde. Horixe da bidea hurrengo lan hitzarmenetan ere lan baldintza hobeak lortzeko».

Ohar bidez, ELAk kritikatu du «bermeak» falta izan direla erreferendumean: «Ez da gure asmoa langileen borondatea zalantzan jartzea, baizik eta merezi duen balioa ematea borroka ziklo honetan lortutakoari». Tailerretan izandako emaitzek erakusten dute, sindikatuaren ustez, ez dela nahikoa izan seigarren txanda kentzea eta soldatak igotzea, langileek merezi dutelako «enpresak dituen irabazien parte proportzionala, beren ahaleginarekin sortzen dutena». Hau da, soldatak gutxienez KPIaren pare igotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.