Itxaropen handia piztu du EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Signaling Lab taldeko minbiziaren dibisioak garatu duen nanopartikula batek, eta Ameriketako Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalak aukeratu egin du, botika bihurtu aurretiko probak egiteko.
Izan ere, orain arte saguekin egin dituzte probak, baina emaitzak ikusgarriak izan dira: %80 murriztu ditu gibeleko metastasiak. Munduan urtero 1.500.000 pertsonak pairatzen dute metastasia gibelean. Horietako 800.000, koloneko minbiziak eragiten ditu, eta gainerakoak gibeleko minbiziak berak.
Iker Badiola irakasleak zuzentzen du EHUko Signaling Lab taldeko minbiziaren dibisioa. Galiziako Santiagoko Unibertsitateko Alejandro Sanchez irakaslearen ikerketa taldearekin aritu dira lanean, nanopartikula sortzeko.
AEBetako Osasun Institutu Nazionalak gai itxaropentsuak aukeratzen ditu, horiekin probak egiteko. Ezinbestekoa da lan hori egitea, gai bat botika gisa onartu aurretik, besteak beste gizakietan eraginkorra izango den, zer dositan erabili behar den, eta nahi gabeko ondoriorik ote duen aztertzeko.
2019an patentatu zuten nanopartikula hori, eta Nanokide Therapeutics enpresarekin garatu du.
Probetarako aukeratu izana goraipatu du Badiolak, «munduko erakunde zientifiko garrantzitsuenetako batek bermatu» duelako.
Botikak sortzeko prozesuan, gizakiekin eginiko proben aitzineko fasea da proba preklinikoa. Animaliekin egiten dute normalean, eta, batez beste, probetarako onarturiko 5.000 gaitik bakarra heltzen da baimenduriko sendagaia izatera.
Badiola 2007. urtetik da doktorea EHUn. Tesia bera gibeleko metastasiaren inguruan egin zuen. Horrez gain, hainbat artikulu argitaratu ditu nazioarteko zenbait aldizkaritan. Urte horretan, Nigatan (Japonian) gibelaren inguruko ikerketaz eginiko kongresuan ikertzaile gazteei emaniko saria irabazi zuen.