Gaurko egunez erori zen Amaiur, Nafarroako erresumaren konkistaren azkenetako erresistentzia Nafarroa Garaian. Jaime Velaz Medrano kapitainaren agindupean eutsi zioten ehun nafarrek gazteluaren barruan, astebete inguruz, Espainiako erregeordeak zuzendu 5.000 soldaduko armadaren bonbardaketen eta erasoen azpian. Azkenean, 1522ko uztailaren 19an amaitu zen Amaiurko gazteluaren setioa.
Ikusi gehiago:'Azken ekitaldiko' gutunak
Donibane Garazikoarekin eta Orreagaren inguruetako Peñon gazteluarekin batera, Amaiurkoak garrantzi estrategikoa zuen, Pirinioak zeharkatzeko bidea kontrolatzen zuelako. 1513ko apirilean bereganatu zuten espainiarrek, eta ondorengo urteetan Erdi Aroko egitura berregin zuten, menderaezin bihurtzeko asmoz. 1521eko irailaren amaieran, ordea, Nafarroako tropek bereganatu zuten berriz, Frantziaren laguntzaz, Bonnivet jenerala buru zutela. Egun bakarrean hartu zuten gaztelua, eta Jaime Velaz Medrano egin zuten hango buru.
Ikusi gehiago:Protagonistak
Nafarroako erresumari eusteko azken saiakeretakoa izan zen hura, baina, astebeteko setioaren ondoren, uztailaren 19an bereganatu zuen Espainiako armadak, gaur 500 urte. Abuztuaren 11n, berriz, suntsitu egin zuten gaztelua, Karlos V.a enperadorearen aginduz. Horrela, Nafarroa Garaia espainiarren esku geratu zen, eta Nafarroa Beherearekin zer gertatuko, haren inguruan jarraitu zuen gerrak beste bost urtez.
Ikusi gehiago:Amaiurko batailaren historia: erresistentziaren ikurra
Amaiurko gazteluaren inguruan gertatutakoaren eragina ez zen hura suntsitzean amaitu, ordea. Setioaren historia mito, ikur eta kondaira bilakatu da azken bi mendeetan. Horren adibide dira mendeurrenaren bueltan egin diren dinamika eta ekitaldiak. Nafarroa Berriz Altxa taldeak, esaterako, «iragana eta etorkizuna lotzeko» saiakera egin zuen, «burujabetzaren aldarrikapena eztabaidaren erdigunean» jartzeko.
Joan den larunbatean, berriz, ekitaldi bat egin zuten Gaztelu elkarteak, Aranzadik eta Amaiurko herriak. Instituzioetako ordezkari ugari izan ziren; besteak beste, Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariorde bigarrena; Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak; Nafarroako Parlamentuko eta Eusko Legebiltzarreko presidente Unai Hualde eta Bakartxo Tejeria. Oroimena» eta «burujabetza nahia» irudikatu nahi izan zituzten.
Joan den astean, erreportaje sorta argitaratu zuen BERRIAk mendeurrenaren harira.
Ikusi gehiago:'Amaiurko batailak 500 urte' erreportaje sorta