Mercedesen Gasteizko lantegian bozketa erabakigarria dute gaur. Zuzendaritzak UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuekin joan den asteartean adostutako lan itunaren proposamena onartu edo ez erabaki beharko dute. Euskal Herriko fabrikarik handienean lan egiten duten ia 5.000 langileak daude bozkatzera deituta. Akordioaren aldeko emaitzak amaiera emango lioke urte eta erdi iraun duen gatazkari; ezezkoa aterako balitz, ordea, gatazka are gehiago korapilatuko litzateke, ez baitago argi zeintzuk izango liratekeen hurrengo pausoak.
Langileek 2022tik eta 2026ra bitartean indarrean egongo litzatekeen lan hitzarmen berriaren proposamena onartu edo ez erabaki beharko dute. Proposamenean jasoa dago, besteak beste, soldatak %6 igotzea aurten, eta beste %2,25 urtero 2023tik eta 2026ra. 4.000 euroko sari bat ere jasoko lukete, 2021eko igoera ordezkatzeko. Beste sari batzuk handitzea ere jasotzen du testuak. Horrez gainera, lan malgutasuna arautzea ere ekarriko luke proposamena onartzeak. Proposamenak jasotzen baitu enpresak hilabetea hasi baino hamar egun lehenago jakinarazi beharko diela langileei asteburuetan lan egingo duten edo ez.
Bi aukeren artean erabaki beharko dute langileek, inongo galderari erantzun gabe: «Akordioa bai» edo «akordioa ez». Eta botoa emateko ere bi modu dituzte: presentziala da bat, telematikoa bestea. 09:00etan hasi dute bozketa bulegoetako langileek, eta 10:00etan tailerrekoek. Gauerditik aurrera bozka dezakete modu telematikoa aukeratu dutenek (%10 dira modu hori aukeratu dutenak: 500 langile inguru).
Lan txanda guztietan izango dute bozkatzeko aukera, baina soilik ordu jakin batzuetan bozkatu ahalko dute. Gaueko txandako langileen bozketa amaitzean hasiko dute kontaketa, eta, beraz, emaitzak bihar goizerako espero dituzte.
Sindikatuak aurrez aurre
Aurrez aurre jarrita daude langile batzordea osatzen duten sindikatuak, eta gatazkaren azken asteetan agerian geratu diren bi jarrera dira nagusi. Proposamenaren aldekoak dira UGT, CCOO, Ekintza eta PIM: batzordearen gehiengoa osatze dute lau sindikatuek, 17 ordezkarirekin (31 dira guztira). Haien ustez, proposamena ona da langile guztientzat, besteak beste lantegiaren egonkortasuna bermatu eta erosteko ahalmena berreskuratzeko aukera emango dielako. Gasteizko plantan auto elektrikoa ekoitzi ahal izateko multinazionalak egin asmo duen 1.200 milioi euro inguruko inbertsioa ere bermatuko luke akordioak, haien irudiko.
Proposamenaren aurka azaldu dira ELA, LAB eta ESK: 14 ordezkari dituzte guztira batzordean. Sindikatu horien ustez, akordioa ez da nahikoa; izan ere, lan hitzarmen berrian igoera batzuk aurreikusten badira ere, langileek erosteko ahalmena galtzen jarraituko dute hurrengo urteetan. Bada, KPIari lotutako igoerak eskatzen dituzte. Gainera, asteburuetako langileen eta langile berrien lan baldintzetan «diskriminazioa» eragiten duela salatu dute, eta mugikortasunak arautu gabe segitzen duela. Kexa azaldu dute, halaber, erreferendumaren antolakuntzarekin; gardentasun falta salatu zuten aurreko astean. Horiek horrela, akordioa ez babesteko eskatu diete langileei.
Hain zuzen, hiru sindikatuek deitutako grebak erantzun zabala izan du azken bi hilabeteetan, eta azken hogei urteetako mobilizaziorik jendetsuenak egin dituzte. Tailerretako langileen %95 inguruk egin dute bat lanuzteekin, eta bederatzi egunez ekoizpena etetea lortu dute. Hala ere, ikusteko dago erantzun hori galdeketan islatuko den.