Adriana Lastra PSOEko idazkariorde nagusiak jakinarazi du dimisioa eman duela. Azaldu duenez, bere bizitza pertsonalean «aldaketa garrantzitsuak» gertatu dira, eta duela bi aste hartutako baja «luzatu» egingo zaio: «Atsedena eta zaintza alderdiaren zuzendaritzarekin uztartzeko zailtasunaren aurrean, dimisioa aurkeztu dut».
Erabaki pertsonala izanagatik, ondorio politikoak ere badauzka Lastraren agurrak. Izan ere, Espainiako hedabide ugarik zabaldua zuten orain arte idazkariorde nagusi izandakoaren eta Santos Cerdan Antolakuntza idazkariaren artean tentsioa zegoela, bereziki PSOEk Andaluziako hauteskundeetan izandako emaitza kaskarren ondoren. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu eta PSOEko idazkari nagusia bera erabaki bat hartzekoa zen alderdiaren egituraketaren inguruan, bere bi gertukoenen arteko gatazka konpontzeko. Testuinguru horretan iritsi da Lastraren dimisioa.
Cerdanek iazko urrian eutsi zion Antolakuntza idazkariaren postuari, eta haren kokapen organikoak eragina dauka euskal politikan ere. Izan ere, nafarrak zeresan handia izan du urteotan EH Bildurekin izandako negoziazioetan eta bultzaturiko ildo politikoan.