Memoria eta burujabetza aldarrikatu dituzte Amaiurko batailaren 500. urteurrenean

Dozenaka ordezkari politiko eta instituzional batu dira gazteluaren ingurumarietan eginiko ekitaldira

Ordezkari politiko eta instituzionalak, gaur, Amaiurko monolitoaren parean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko uztailaren 16a
17:30
Entzun

Legebiltzarkideak, diputatuak, ahaldun nagusiak, alkateak, zinegotziak... ordezkari politiko eta instituzional ugari elkartu dira gaur goizean Amaiurren (Nafarroa), hango batailaren 500. urteurrenaren kariaz. Amaiurko gazteluaren «erresistentzia eta suntsiketa» gogoratu dituzte Gaztelu elkarteak eta udalerriak berak antolatutako ekitaldian; horrez gainera, baina, burujabetza eta oroimen historikoa aldarrikatzeko parada izan da urteurrena.

Ikusi gehiago:'Amaiurko batailak 500 urte', erreportaje sorta

Ekitaldi instituzionalean, mintzagai izan dute duela ehun urte eraikitako monolitoa, eta gogoratu dute 1931n leherrarazi zutela, bonba baten bidez. 1982an berreraiki zuten oroitarria, eta ekitaldi instituzional batean inauguratu. Horren isla izan da gaurkoa ere, eta ordezkaritza instituzional zabal batek parte hartu du: Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariorde bigarrena; Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak; Nafarroako Parlamentuko eta Eusko Legebiltzarreko presidente Unai Hualde eta Bakartxo Tejeria.

Talde politikoetako eledunak ere bertaratu dira; besteak beste, Andoni Ortuzar EAJko presidentea eta Mireia Zarate EBBko idazkaria; eta, EH Bilduren izenean, Maddalen Iriarte, Mertxe Aizpurua, Bel Pozueta, Joseba Asiron eta Maiorga Ramirez, besteak beste. Carlos Garaikoetxea lehendakari izandakoak ere parte hartu du ekitaldian, alkate eta zinegotzi ugarirekin batera.

IÑIGO URIZ / FOKU

Dantzan, gazteluraino

11:00etan hasi da ekitaldia, Amaiurko parrokiako eskaileren parean. Ezkilen hotsa amatatzearekin batera, dantzan hasi dira Euskal Herri osotik heldutako ezpata-dantzariak. Guztira, zazpi taldetako 150 bat dantzari elkartu dira herrian: Arizkungo dantza taldekoak (Nafarroa), Amaiur dantza taldekoak (Iruñea), Aurtzaka dantza taldekoak (Beasain, Gipuzkoa), Arrola taldekoak (Baigorri, Nafarroa Beherea), Iurretako dantzariak (Bizkaia), Udaberri taldekoak (Tolosa, Gipuzkoa) eta Jare dantza taldekoak (Gasteiz). Antolatzaileen arabera, ezpata-dantzarien elkarretaratzerik handiena izan da gaurkoa.

IÑIGO URIZ / FOKU

Kale nagusia hartuta, herrian barna joan dira dantzariak segizioan, txistulariek eta gaiteroek lagunduta. Herriko plazan, geldialdia egin dute udaletxe zaharraren aurrean, Amaiurko bandera hartzeko, eta, azkenik, gaztelurako bidea hartu dute. 11:45 aldera iritsi dira gaztelura. Han, Amaiurko eta Baztango alkateek lore eskaintza egin dute monolitoaren aurrean. Amaiurko alkate Ixabel Alemanek hartu du hitza, gogoratzeko Amaiurko borrokaldiaren oihartzuna gaurdaino iritsi dela: «Gure egiten dugu Amaiur defenditu zutenen askatasun gogoa».

Alemanek esan du munduko herri guztiek dituztela memoria lekuak, «zainduak eta museo bihurtuak». Amaiurren hori bera egiten ari direla gaineratu du: «Memoria hori sustatzen ari gara. Gure arbasoen historia ezagutu behar dugu, aitzinera egin ahal izateko. Kate bereko herri bat garelako».

Gaztelu abesbatzak, azkenik, Nafarroa, arragoa eta Nafarroako ereserkia abestu ditu, ekitaldia amaitzeko.

JUANTXO EGAÑA, JOSU INZIARTE, JOSEAN GRANDAL

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.