EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Alconzari, eta, ondorioz, Berangoko (Bizkaia) motor elektriko fabrikak 25 langile kaleratu ahal izango ditu. Irizar Groupeko kide den konpainiak azken urteetako galera ekonomikoak argudiatu zituen urte hasieran lan erregulazio bat egiteko, eta, sindikatuen helegitearen ondoren, Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio enpresari. Tailerretako langileak greban daude otsailaren 28az geroztik, eta ekoizpena geldirik dago. ELA eta LABeko ordezkariak astelehenean bilduko dira protestarekin jarraitu ala ez erabakitzeko. Zuzendaritzaren beldur dira, ez baitira harekin fio, eta atea itxi nahi diote etorkizunean kaleratze gehiago egiteari.
Alconzako langile batzordeak helegitea jarriko du Espainiako Auzitegi Gorenean, baina Bilboko ebazpena ikusita oso zaila dirudi hark ez berrestea. Izan ere, epaileak sindikatuen helegiteko arrazoi guztiak ukatu ditu. Ez du fede txarrik ikusi enpresaren aldetik, ez du uste talde patologiko baten kide denik, ezta ere diskriminaziorik egon denik kaleratuen hautaketan, eta azken lau urteetan 20 milioi euro galdu izana erabakia hartzeko arrazoi dela iritzi dio.
Sindikatuak, dena den, ez dira iritzi berekoak. Besteak beste, argudiatu dute 25 kaleratuetatik 21 ELAn edo LABen izen emanda daudela, eta beste laurek ez dutela filiazio sindikalik. Enpresako batzordean, CCOOk lau ordezkari ditu, ELAk hiru eta LABek bi. CCOOk greba bertan behera utzi zuen. Sindikatu horrek, dena den, bulegoetan tailerrean baino ordezkari gehiago ditu, eta kaleratze guztiak tailerrean izan dira. Era berean kexu dira enpresak ez duelako negoziatu nahi izan, eta nabarmendu dute lan ikuskaritzara joan zirenean jakin zutela kaleratu kopurua 38tik 25era murriztu zuela. Ordura arte zuzendaritzaren izenean negoziatzen aritu den bulegoak ez zion halakorik jakinarazi. Azkenik, langileek salatu dute enpresaren egoera zaila zuzendaritzaren kudeaketa txarraren ondorio dela.
Kaleratuei dagokienez, gehienak 40 urteen bueltan dabiltza, eta hamabost urte inguru zeramatzaten Alconzan. Zuzendaritzak kaleratze arrunten baldintzak hobetu dizkie: 30 eguneko kalte ordaina jasoko dute lan urte bakoitzeko, hemezortzi hilabeteko soldatako mugarekin. Erregulazioaren ondoren 45 langile inguru geldituko dira. 137 egun daramatzate greban, eta hilabeteak dira grebaren eraginez ekoizpena etenda dagoela. ELA eta LABeko kideak astelehenean bilduko dira. Protestarekin jarraitzeko prest daude zuzendaritzak gelditzen direnen etorkizuna ez badu bermatzen. Erregulazio hau bidezkotzat jo izanak arrazoi berdinengatik beste batzuk abian jartzeko aukera errazten dio enpresari.
Lan gatazkak
Alconzako 25 kaleratzeak legezkoak direla ebatzi du Auzitegi Nagusiak
Epaileek uste dute azken urteetako galerek erabakia justifikatzen dutela. Sindikatuek helegitea jarriko dute Auzitegi Gorenean, eta ikusteke dago langileek greba bertan behera utziko duten ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu