James Webb teleskopioak orain arte ikusi gabeko unibertsoaren irudiak jaso ditu, eta dagoeneko ikusgai daude lehen datuekin batera. Irudiek unibertsoaren ikuspegirik sakonena erakusten dutela adierazi du Bill Nelson NASAko administratzaileak, «munduak inoiz izan ez duen ikuspegi bat».
Elhuyar aldizkariak azaldu duenez, hilabete behar izan zuen Webb teleskopioak Lurretik 1,5 milioi kilometrotara dagoen orbitara iristeko. Infragorrian lan egiten du teleskopioak, eta unibertso primitiboa behatzeko gaitasuna du. Hautsezko eta gasezko hodei trinkoak zeharkatu ditu, eta kosmosaren irudiak jasotzea lortu du. Hurrengo erronka 13.500 milioi argi urtera iristea da, lehen izarrak eta galaxiak behatzeko.
SMACS 0723 kumulua. Argazkia: NASA.
Espektroskopia da teleskopioaren beste ezaugarrietako bat. Teknika horren bitartez, WASP-96 exoplanetaren espektroskopia datuak lortu dira, eta uraren eta lanbroaren zantzuak detektatzea lortu dute; baita lainoak dauden ebidentzia ere. Webbek NGC 3132 nebulosaren irudiak ere jaso ditu. Lurretik 2.000 bat argi urtera dago nebulosa, eta hilzorian dagoen izar baten inguruan hedatzen ari den gas hodei erraldoi bat da.
NGC 3132 nebulosa.Argazkiak: NASA.
Stephanen Boskotea izeneko galaxia multzoaren irudia ere harrapatu du teleskopioak, eta orain arteko irudirik handiena da. Elhuyarrek jakinarazi duenez, inoiz ikusi gabeko xehetasunak ikus daitezke bertan: izar gazte eta jaioberrien multzo distiratsuak; galaxien grabitazio elkarrekintzen ondorioz luzatutako gasezko, hautsezko eta izarrezko isatsak; zulo beltz baten inguruko fluxuak; eta galaxietako batek (NGC 7318B) multzoaren kontra talka egitean sortutako talka uhinak.
Stephanen Boskoteagalaxia multzoa. Argazkia: NASA.
Teleskopioak jasotako azken irudia, Gila nebulosako NGC 334 eskualdearen ertza izan da, izar distiratsuz betetako «mendien» eta «haranen» paisaia bat. Kasu honetan ere, inoiz ikusi gabeko irudiak jasotzea lortu da, izarren jaiotzaguneak erakutsi baititu.
Ikusi gehiago: Unibertsoaren inoizko ikuspegirik sakonena jaso du James Webb teleskopioak