Legealdia amaitzeko urtebete falta den honetan, «zein bide» hartuko duen ondo pentsatzeko eskatu dio Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, Espainiako egoerari buruzko eztabaidan: «Erabaki behar duzu nola nahi duzun zutaz gogoratzea: gehiengoaren askatasunak eta ongizate sozial eta ekonomikoa areagotu zituenaren moduan edo, aldiz, gutxiengoaren mozkinak zedarritu zituenaren moduan. Gatazka nazionalen konponbidean aurreratu zuenaren moduan edo ukazioan gotortu zenaren moduan».
Bidegurutze horretan, EH Bilduk egokitzat jo du energia enpresei eta bankuei salbuespenezko zerga ezartzeko Espainiako Gobernuaren erabakia, baina ohartarazi dio marjina handia duela harago joateko, hala nola argindarraren eta erregaien prezioetan esku hartuta edo erreforma fiskal «arranditsu, progresibo eta justu» bat onartuta. Funtsean, neurri sakonagoak eskatu dizkio, «momentuko adabakiak» jarri beharrean «erroko aldaketak» eragingo dituztenak.
Espainiako Estatua «demokratizatzeko» aukeraz eta lurralde ereduari buruzko eztabaidaz ere aritu da Aizpurua. Lehenengoari dagokionez, Aizpuruak adierazi du egunotan berretsi ahal izan dela «78ko erregimenaren» funtzionamendua: «Erregimen monarkiko baten inposizioan oinarritzen den hipoteka batez ari gara, komunikabide handien monopolioan eta botere judizial independenterik ezean eraikitzen dena, aipatu gabe utzita polizia aparatuen zigorgabetasuna edo elite ekonomikoen pribilegioak».
Sistema hori trantsizioan definitu zela esan du, eta «herriak eta langileak hipotekatu» zituela. «Hipoteka» hori gainetik kendu nahi dutela adierazi du Aizpuruak, bai Euskal Herriaren gainetik eta baita «estatuko gainerako herrien» gainetik ere. «Trantsizio» hori abiatzeko gonbita egin dio Espainiako Gobernuari: «Espainiako ezkerrak beti izango gaitu prest [Espainiako] Estatuaren demokratizazioan parte hartzeko, baldin eta prozesu hori posible bada. Horretarako, beharrezkoa da Espainiako ezkerrak diktaduratik heredatutako hipotekekin haustea eta fase historiko berri bat abiatzea». Fase horretan gatazka nazionalen eztabaidari eusteko eta desberdintasun sozial eta ekonomikoak desagerrarazteko konpromisoa beharko dela azaldu du.
Aizpuruak zehaztu du gatazka nazionalaren konponbidean urratsak egitea zela legealdi hasieran EH Bilduk ezarritako helburuetako bat, eta, alde horretatik, gogoratu du Espainiako Kongresuan 70 diputatu baino gehiago direla erabakitzeko eskubidearen aldekoak. Halaber, indar subiranisten garrantzia nabarmendu du, eta Sanchezi ohartarazi dio horien beharra duela erabaki «progresistak» hartzeko.
Lorpenak eta kritikak
Orain arte hartutakoen balorazioa ere egin du Aizpuruak. Pedro Sanchezen gobernua ahalbidetuta, EH Bilduren helburu nagusietako bat herritarren bizi baldintzak hobetzea izan dela azpimarratu du, eta, Espainiako Kongresuaren gehiengoak hainbat neurri sozial eta ekonomiko hartu dituztela ildo horretan: pentsioak KPIaren arabera eguneratu izana, Eutanasiaren Legea, amiantoaren biktimentzako funtsa sortzea, Bizitzeko Gutxieneko Errentaren igoera eta krisiaren kontrako neurri sortak, besteak beste. «EH Bilduk akordioak lortzen dituenean, herri klaseek irabazi egiten dute», adierazi du.
Hala ere, gobernuak hartutako beste hainbat neurrirekin oso kritiko agertu da Aizpurua. Bere burua progresistatzat duen ezein alderdik hartu behar ez lituzkeen erabakiak hartu dituela salatu du. Pegasus auzia, Melillako sarraskiaren justifikazioa, Mendebaldeko Sahararekiko izan duen jarrera eta gastu militarra handitzeko erabakia aipatu ditu, esaterako. Erabaki horiek gobernuaren alde egin zuten gehiengoaren konbentzimenduaren kontrakoak direla ohartarazi du Aizpuruak, eta honako galdera hau egin dio Sanchezi: «Uste duzu erabaki horiek lagunduko dutela zu presidente egin zintuen gehiengo aurrerakoi eta ezkertiar hori mobilizatzen?».
Herenegun Espainiako Gobernuak iragarritako neurriak —energia enpresa eta banku handiak zergapetuko ditu—, hala ere, ontzat jo ditu Aizpuruak, eta Sanchezen aurpegi ezkertiarrena bistaratu dela iradoki lezaketela esan du. Hori hala balitz poztuko liratekeela adierazi du, baina tentuz hartu beharko dela esan du. Izan ere, haren esanetan, «gobernu honekin dena geratzen da erdibidean, dena da momentukoa eta ez errokoa».
Minaren aitortzaren berrespena
Aizpuruak adierazi du bakearen eta bizikidetzaren alorrean EH Bilduk «ekarpenak» eta «hitz eraikitzaileak» egin dituela eta «konpromisoak» hartu dituela azken hiru urteetan. Bereziki nabarmendu du Urriaren 18ko Adierazpena, eta orduan ezkerreko independentismoak adierazitakoa berretsi du, biktimei mintzatuta: «Gure nahigabea eta mina agertu nahi diegu, jasandako sufrimenduagatik. Haien mina sentitzen dugu, eta sentimendu zintzo horrekin adierazi nahi dugu ez zuela sekula gertatu behar, inor ezin duela poztu hura gertatu izanak, ezta hainbeste luzatu izanak ere».
Ezkerreko independentismoak egin moduan, bizikidetzaren aldeko konpromisoa duten guztiek euren adierazpen propioa egitea «ekarpen ona» litzatekeela gaineratu du.