Herri Kirolak

Ezpal elkarteko aizkolariak ez dira ariko federazioaren txapelketan

Kirolariek oharra kaleratu dute, eta Euskal Herriko Herri Kirol Federazioarekin izandako desenkotruak aletzeaz gain, federazioak hartutako erabakiarekin desados agertu dira. Hala, hirugarren mailako txapelketan ez aritzea hobetsi dute.

Aizkolariak, Sherpako finala jokatzen. Han aritutakoek osatzen dute, gehienbat, Ezpal elkartea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko uztailaren 13a
14:09
Entzun

Ezpal elkartean bildutako aizkolariek federazioarekin bat egin gabe segiko dute. Euskal Herriko Federazioak hirugarren mailako txapelketarako deialdia egin zuen gaur zortzi, baina elkarteko kirolariek ez aritzea hobetsi dute. Oharra kaleratu dute gaur goizean, «federazioaren prentsaurrekoak sortutako harrabotsa» tarteko; besteak beste, azken hilabeteetan federazioarekin izandako desenkontruak aletu dituzte. Batik bat, Sherpa.Ai txapelketan aritu diren aizkolariek osatzen dute Ezpal elkartea; tartean, azken urteetan maila gorenean aritu diren zenbaitek. Besteak beste, Iker Vicente, Aitzol Atutxa, Eneko Otaño, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a daude multzo horretan.

Federazioak hirugarren mailako txapelketarako deialdia egin zuen joan zen asteazkenean, Etxebarrin (Bizkaia). Igor Duñabeitia erakundeko presidenteak azaldu zuen aizkolariek «baietz esatea» eta bat egitea espero zuela: «Hori da gure itxaropena». Ordea, Ezpal elkartekoek bestelako bertsioa plazaratu dute gaur. Haien esanetan, martxoaren 17an bilkura egin zuten federazioarekin. Aurrez, ohartarazpena jaso ei zuten, lau egunen faltan: «Zuzendaritza batzordeak hartutako erabaki zurruna bidali ziguten». Oharrean azaldu dutenez, elkartekoak hirugarren mailako txapelketan aritzea zegoen proposamenaren oinarrian: «Ez da ezohiko erabaki bat, gure eskubide bat baizik». Ezpal elkartekoak Euskadiko Federazioaren txapelketak jokatu gabe daude 2020tik.

Ezpalekoek adierazi dutenez, federazioari ezezkoa eman zioten bilera hura amaitzerako: «Erabaki horrekin, gaur egungo aizkolari onenak berriz ere maila gorenean ikusteko lau urte igaroko dira, gutxienez». Hargatik, deigarri egin zaizkie uztailaren 6ko adierazpenak. Ezpalekoen hitzetan, «ulertzera eman zuten haien erabakia gurekin bat hartutakoa zela, eta adierazpenak entzunda parte hartuko genuenaren esperantza saldu zuten». Ez dute egingo, eta azaldu dute federazioak aurretiaz zuela beren hautuaren berri.

«Baldintzatutako erabakia»

Horrez gain, elkarteko kideek salatu dute erabaki hori gaur egun lehen mailan osatzen duten aizkolariek baldintzatu dutela: «Haiena izan zen azken orduan federazioan sartutako idatzia, eta haiena gu hirugarren mailan aritzeko erabakia». Halaber, Ezpalekoek «berregituratze bat» egitea onetsi dute. Bien bitartean, hirugarren mailako kanporaketa ez jokatzea aldeztu dute.

Hain justu, zera azaldu zuen Igor Duñabeitia federazioko presidenteak, irailaren 4an Etxebarrin jokatu beharreko kanporaketaren aurkezpenean: «Federazioa ez da egon besoak gurutzatuta, eta akordio berezi bat hartu du. Denok batzeko, eta egoera sei edo zortzi hilabetean zuzentzeko. Ilusioa behar dugu, itxaropena behar dugu, eta aukera hemen dugu». Aldiz, Ezpàlekoek deitoratu dute haiekin biltzerako «erabakia hartuta» zuela federazioak: «Ez zegoen erdibidekorik [irtenbiderik] bilatzeko aukerarik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.