Parkea Bizirik elkarte naturazaleko kideek Favolaschia calocera onddoa topatu dute Astigarragako (Gipuzkoa) baso batean. Espezie hori inbaditzailea da, eta Madagaskarren du jatorria. Elkarteko boluntarioek topatu dute, hegaztientzako habia kutxen ikuskapen bat egiten ari zirela.
Espezie inbaditzaile hori hildako egurraz elikatzen da, eta gainontzeko onddoak desagerrarazten dituen substantzia toxikoak ditu. Adituen arabera, egurraren nazioarteko salerosketak hainbat tokitara zabaldu du: Txinara, Thailandiara, Australiara...
Europan, lehen aldiz, 2002. urtean agertu zen, Italian. Gipuzkoan ere ez da agertzen den lehen aldia: 2010. urtean aurkitu zuten Oiartzunen.
Parkea Bizirikek gogorarazi du espezie inbaditzaileak arriskutsuak direla bertako espezieentzat, eta ekosistemen egiturak arriskuan jar ditzaketela.