Hogei urtean lehenbizikoz, dolarrak eta euroak balio bera dute. Dolarraren gorako bideak eta euroaren beherakoak —balioaren %12 galdu du azken urtean— parez pare jarri dituzte biak. Balio galera Europaren esportazioentzat ona izan badaiteke ere, askoz handiagoa da merkatu eta herritarren artean zabaldu dezakeen ziurgabetasuna. Hasteko, inportazio gehienak dolarretan ordaintzen direlako, batez ere lehengaienak, eta, euroa ahul badago, horiek garestitu egiten dira. Era berean, ziurtzat jotzen da Europako Banku Zentralak interes tipoak are gehiago igoko dituela, maileguak garestituz, baita hipotekenak ere.
Euroa eta dolarra 2002ko uztailaren 15ean egon ziren azkeneko aldiz parez pare. Hartaz geroztik eta gaur goizera arte, euroaren balioa beti izan da dolarrarena baino handiagoa. 2008an, 1,58 dolarrean ere izan zen, inoizko alderik handiena, eta, duela urtebete, 1,18ko balioa zuen. Azken urtean, baina, asko aldatu da bi diruen egoera. Euroa ahul dago, energia krisia luzatzen ari da, eta Europa atzeraldiaren atarian egon daiteke. Dolarra, aldiz, indartsu dago, besteak beste erreserba federalak interes tasa handitu duelako eta mundu mailako inbertsore askok AEBetako dibisan aurkitu dutelako babesa.
Europak arazo handi bat du orain. Eurostaten arabera, euroguneak inportatzen duenaren erdia dolarretan ordaintzen du. Dena den, herrialdeen artean badago aldea. Grezian %64 da kopuru hori; Alemanian, berriz, %44. Europako Banku Zentralak desberdintasun hori hainbatean azaldu du: «Bi diruen arteko aldeak eragina du KPIan, bide askoren bitartez, gainera. Kontsumo produktuen inportazioen prezioa garestitu egiten da, eta horrek inflazioa areagotzen du».
Eredurik garbiena petrolioa da, eta hura dolarretan salerosten da. Krisi honetan inoiz baino garestiago egon da euro eremuan —upela 124 euroan martxoan—; AEBetan, berriz, inoizko prezio garestienetik hogei dolarrera egon da. Hori ikusita, oso litekeena da Europako Banku Zentralak interes tipoak igo eta igo ari dira oraindik, eta irailean 50 puntu igotzea. Diruaren prezioa igotzea da helburua, baina, era berean, maileguak garestituko ditu.
Euro ahulak, baina, badu bere alde ona ere, esportazioak estimulatzen dituelako. Eurotan saltzen dena merkatu egiten da, eta lehiakorrago bilakatzen da nazioarteko merkatuetan. Duela zazpi urte ere, euroaren prezioa jaitsi zenean, hala gertatu zen —1,08an egon zen—; orain, baina, ikusi beharra dago energiaren prezioak ez duen logika hori hausten.
Kroazia, euroan
Euroa ez dago garai onean, baina dena ez dira albiste txarrak. 2023tik aurrera euroa izango da Kroaziako dirua. EBk atzo onartu zuen eskaria, eta, ondorioz, urtarriletik aurrera hogei herrialdetan erabili ahal izango da. Bederatzi urte igaro dira Kroazia Europako Batasunean sartu zela, eta aspaldi egina zuen eskaria. Euroa 7,5 kuna balio duela iritsiko da Kroaziara.
Merkatua eta kotizazioak
Euroa eta dolarra, parez pare
Hogei urtean lehenbizikoz, bi diruek prezio bera dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu