Greziako errefuxiatu esparruetan gaixorik dauden umeak Euskal Herrira ekartzeko ekinbideak aurrerapausoak eman dituela jakinarazi dute Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek. Maiatzean, atxikimenduak biltzeari ekin zioten erakunde, alderdi eta gizarte eragile batzuen artean Greziatik umeak ekarri ahal izateko, et,a bi elkarteek gaur jakinarazi dutenez, eskariarekin bat egin dute Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako 45 gizarte eragilek baino gehiagok. Besteak beste, UGT, CCOO, ELA, ESK, LAB , EHNE eta Steilas sindikatuek babestu dute proposamena. Azken bi hilabeteotan, EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PSE-EE taldeekin elkartu dira Eusko Legebiltzarrean, eta, irailetik aurrera, Nafarroako alderdiekin batzartuko dira. Atxikimendu gehiago biltzen jarraituko dutela jakinarazi dute.
Espainiako Diputatuen Kongresuko atea ere joko dute, babes bila. Idatzi baten bidez, talde parlamentarioetako ordezkariei ekimena helaraziko diete. Dagoeneko Espainiako eta Kataluniako hainbat elkarteren laguntza bildu dute, baina, Arantxa Gutierrez Paz Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideak ohartarazi du Espainiako Gobernuak ere urratsak egin beharko dituela. Bere ustez, Espainiako Gobernuaren “borondate politikoa” ezinbestekoa da auzia konpontzeko.
Hain justu, eragileei eskatu diete Greziako errefuxiatu esparruetan dauden milaka lagunen egoerari erreparatzeko, bereziki gaixotasun larriak dituzten haurrei. Halaber, alderdiei galdegin diete erakundeetara eraman dezatela igarobide humanitarioak sortzeko eskaera. Uste dute nazioarteko araudiak aukerak ematen dituela igarobideak zabaltzeko. Rosabel Argote Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko ordezkariak gogoratu du Ukrainako gerra igarobide «seguruak» zabaltzearen ideiak «utopikoa» izateari utzi diola.
Elkarteek hiru bide proposatu dituzte horretarako. Batetik, bisa humanitarioen bitartez errefuxiatuei Euskal Herrira etortzeko bidea irekitzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Igarobide humanitarioak zabaldu arte, Schengen eremuko estatuetatik ibiltzeko aukera ematea proposatu dute, halaber. Bestetik, harreran hartutako pertsonentzat aldi baterako babes araubidea eta bizileku baimena onartzea galdegin dute.