Zer itxura zuen unibertsoak duela 13.000 milioi urte? Erantzun zehatzik ez, baina pista grafikoak hainbat utzi ditu James Webb teleskopioak duela gutxi jasotako irudiak. Unibertsoaren ikuspegirik sakonena erakusten duen argazki bat egin du, eta, ikerlanean parte hartu duten astronomoen eta NASAko langileen esanetan, orain artean lortutakoen artean, unibertsoaren argazkirik zaharrena eta garbiena da. Atzo gauean egin zuten aurkezpena, Etxe Zurian, eta Joe Biden AEBetako presidenteak azaldu zituen aurkikuntzaren nondik norakoak: «Hau da unibertsoaren historiako argazki dokumentaturik zaharrena duela 13.000 milioi urtetik».
Atzo zabaldutako irudian ageri den unibertso zatiak hondar ale baten tamaina ordezkatzen du, eta SMACS 0723 deituriko eremu bat ikusten da, Hego hemisferiotik ikus daitekeen eremu bat. Argazkiak Lurretik 4.600 milioi argi urtera dagoen galaxia kumulu handi bat erakusten du, eta oso urrun dauden eta oso argitsuak diren hainbat galaxia ere jasotzen ditu.
Kumulu horiek grabitate bultzada deituriko fenomeno bat egiten dute, eta bultzada horien eraginez espazio-denbora harremanean gertatzen diren deformazioek urrunago dauden galaxien argia handiesten duten leiar gisa funtzionatzen dute. Hala, teleskopioak hartutako argazkiak erakusten du instrumentuak fenomeno hori hauteman dezakeela eta beste edozein teleskopiok baino harantzago dagoena hauteman dezakeela, Big Bang eztandaren ondoren jaio ziren lehen izarren argia ikusteraino.
Gaur, irudi gehiago
James Webb teleskopioak azken sei hilabeteotan hartutako irudi kosmikoen aurkezpen handiaren aurrerapen bat besterik ez da atzo Etxe Zurian erakutsi zutena: teleskopioak azken hilabeteotan atzemandako guztiaren lagintxo txiki bat, hain justu ere. Gaur egingo dute gainerako irudi kosmikoen aurkezpena, eta, unibertsoaren nolakotasunari buruzko pista grafiko ugari eskaintzeaz gain, galdera asko ere sorraraziko dituzte argazkiek.
James Webb teleskopio espaziala hamazazpi herrialderen artean garatutako espazio behatoki bat da, munduko nagusiena. Historiako proiektu zientifikorik handienetako bat da: izan duen kostuagatik, duen tamainagatik, diseinuagatik, eraikuntzagatik eta bere merkaturatzeak behar izan zituen hiru hamarkadengatik. NASAko, Europako Espazio Agentziako eta Kanadako Espazio Agentziako langileek zuzentzen dute.
The James Webb Space Telescope is a collaboration between @NASA, @ESA & @CSA_ASC. The @SpaceTelescope Science Institute is the science & mission operations center for Webb.
— NASA Webb Telescope (@NASAWebb) July 11, 2022
Tune in tomorrow at 10:30 am ET (14:30 UTC) as we continue to #UnfoldTheUniverse! https://t.co/GBtitBUMoRpic.twitter.com/Qg8Q54l5Yv