Atxiloketak

Zazpi lagun atxilotu dituzte San Fermin eguneko prozesioko istiluengatik

Enrique Maia alkateak atxiloketa baten berri eman zuen atzo goizean, baina eman zuen abisua: «Ikerketa zabalik dago, eta litekeena da atxiloketa gehiago egotea». Atzo iluntzean atxilotu zituzten beste bi lagun, eta gaur gainerakoak.

Enrique Maia, atzo, Javier Goya Udaltzaingoko buruarekin batera egin zuen agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko uztailaren 10a
19:45
Entzun

San Fermin eguneko prozesioan izan ziren istiluak ondorioak izaten ari dira. Azken egunetan zeresana eman du Curia kalean bizi izandakoak, eta Iruñeko Udalak eta Udaltzaingoak neurriak hartu dituzte: gutxienez zazpi lagun atxilotu dituzte, eta beste bati deklarazioa hartu diote. Atxilotuetako bati polizia bati sudurra haustea egotzi diote. Gutxienez bi askatu dituzte gaur iluntzean.

Enrique Maia alkateak atzo goizean eman zuen albistearen berri, Javier Goia Udaltzaingoko buruarekin batera eman zuen prentsaurrekoan. Alkateak, ordea, atxiloketa bakarra aipatu zuen une hartan. Beste bi lagun atxilotu zituztela jakin zen atzo iluntzean. Gaur beste lau atxilotu dituzte eta beste bat gaur arratsaldean deklaratzera deitu dute.

Maiaren arabera, sudurra hautsi zioten poliziak «Udalbatzako zinegotziak defendatu zituen, bereziki Navarra Sumako eta PSNko zinegotziak, baita Curiako ordezkariak ere, talde antolatu batek bortizki egin baitzien eraso».

Lehen atxilotuari buruz, zehaztu zuen Iruñerrikoa dela, 40 urte dituela. Udala herri akusazio gisa aurkeztuko da haren aurka, eta abisua eman zuen: «Litekeena da atxiloketa gehiago egotea, ikerketa zabalik baitago oraindik ere». Beste lau atxilotuetatik hiru Iruñekoak direla zehaztu dute gaur, eta beste bat Tarragonakoa (Herrialde Katalanak) dela. Agenteen aurkako atentatua eta desordena publikoak eragitea egotzi diete.

Ohiko protestak

San Fermin eguneko prozesioan ohikoak izaten ziren udal ordezkarien aurkako protestak, eta pandemiaren etenaren ondoren ere halaxe izan zen. Ohi bezala, Enrique Maia alkateak eta gainerako udal ordezkariek parte hartu zuten prozesioan, eta, ibilbidearen amaiera aldera, tentsioak gora egin zuen Curia kalean. Elizaren aurkako mezuak erakutsi zituzten hainbatek.

Udaltzainek inguratuta egin zuten bidea udal ordezkariek, eta une batean bultzakadak ere izan ziren. Protestan ari zen jendearen aurka jo zuten poliziek. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, polizia bat behintzat zauritu zuten; odola zeriola geratu zen sudurrean hartutako kolpe batekin.

Udaleko bozeramaile batzordeak adierazpen bat ere atera zuen, esanez prozesioan parte hartu zuten agintariei «ezker abertzaleak kutsu faxista duen eraso bat» egin ziela eta «Udaltzaingoaren jardunari eta Espainiako beste herrietatik etorritako agenteei esker soilik» eragotzi ahal izan zutela «Navarra Sumako eta PSNko zinegotzien aurkako lintxamendu bat». Bi alderdi horietako ordezkariek onartu zuten adierazpena. Geroa Bai aurka agertu zen, eta abstenitu egin zen EH Bildu; ohar batean jakinarazi zuen «deitoratu» egiten zituela Curiako istiluak: «Erasoak ezin dira inola ere justifikatu». Joseba Asiron alkate ohiak ere «elkartasun osoa» adierazi zion zauritutako udaltzainari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.