1948an Erresuma Batutik independentzia lortu zuenez geroztiko krisi ekonomikorik larriena pairatzen ari dira Sri Lankan, eta horrek gobernuaren aurkako protestak eragin ditu azkeneko lau hilabeteetan. Mobilizazio masiboak egin dituzte gaur ere Kolonbo hiriburu komertzialean; manifestariek kaleak hartu dituzte, eta indarrez sartu dira Gotabaya Rajapaksa presidentearen eta Ranil Wickremesinghe lehen ministroaren etxeetara. Presidentearen dimisioa eskatzen dute, eta ordu batzuk geroago, gauean, heldu da berria: gobernuburua datorren asteazkenean, hilaren 13an, da dimititzekoa, parlamentuko presidenteak iragarri duenez. Mahinda Yapa Abeywardenek azaldu du telebista bidez emandako mezu batean Rajapaksak berak eman diola erabakiaren berri. «Modu baketsuan utzi nahi du herrialdearen lidergoa».
Asteazkenera arteko epea eskatu dio gobernuburuak ganberako buruari, modu horretan trantsizioa prestatzeko denbora eduki dezan. Behin dimisioa emanda, indar politikoek adostu dute parlamentuko presidentea izango dela gobernuburua behin-behinean, eta ganberak 30 egun izango dituela beste lehen ministro bat aukeratzeko.
Rajapaksaren aurkako orain arteko mobilizaziorik handiena izan da gaurkoa. Kolonbo erdigunean Poliziak ezarritako hesiak bota dituzte manifestariek, eta, agenteek negar gasa jaurti dieten arren, lortu dute presidentearen etxea hartzea. Manifestazioak aurreikusita zeuden, eta Rajapaksa ez zegoen etxean. Ez dago argi non dagoen. Sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikus daiteke manifestariek nola jaten duten garai kolonialeko etxearen sukaldean, nola etzaten diren oheetan eta nola jauzi egiten duten igerilekura. Horietako askok Sri Lankako banderak daramatzate.
Presidentetzaren eraikina ere hartu dute milaka manifestarik. Hain zuzen, duela zenbait hilabetetatik horren parean kanpatuta daude ehunka pertsona, gobernuaren aurka protesta egiteko. Izan ere, ekonomia birrindu egin da, eta inportazio gehienak eten dituzte, erregaien, elikagaien eta sendagaien gabezia bat eraginez. NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi zuen duela hilabete krisi humanitario baten atarian zegoela herrialdea. Inflazioa %54koa da, elikagaien prezioa bost aldiz handitu da, eta horrek esan nahi du herritarren bi herenek zailtasunak dituztela elikatzeko. NDF Nazioarteko Dirua Funtsak erreskatatua izan zain dago gobernua, baina, horretarako, erakundeak eskatu dio erreformak egin ditzala.
Gobernuak lasaitasun mezu bat helarazi nahi izan du ohar baten bidez. «Erregai banaketak aste honetan hasi beharra dauka uharte osoan. Munduko Elikadura Programaren zuzendariak herrialdera etorri behar du aste honetan», nabarmendu du. Aintzat hartu behar da, gainera, egoera ekonomikoa zaila dela eta kanpo zorraren ordainketa eten zuela gobernuak apirilean. Eta, horrekin lotuta, «zorraren jasangarritasunari buruzko txostena» laster aurkeztuko diote NDFri, eskatutako erreformen harira.
Oposizioarekin hitz eginda
Herritarren haserrea baretze aldera, Mahinda Rajapaksa aurreko lehen ministroak, presidentearen anaiak, dimisioa eman zuen maiatza erdialdean, eta Wickremesinghek hartu zuen haren lekua. Ez da gauza izan, ordea, krisi ekonomiko eta soziala egoki kudeatzeko, eta, gaur oposizioko alderdiekin bildu ondoren, kargua uzteko prest dagoela nabarmendu du. Artean ez zegoen argi lehen ministroak zer egingo zuen. Sri Lankako Kongresuko Alderdiaren parlamentari Rauff Hakeemek bileran parte hartu du, eta ondoren Twitterren nabarmendu du «gehien-gehienak» lehen ministroaren eta presidentearen dimisioaren alde agertu direla.
Lehen ministroaren ustez, batasuneko gobernu batekin kaosa saihets daiteke. Haren etxera ere sartu dira manifestariak eta su eman diote. Iturri ofizialean arabera, gaurko protestetan gutxienez 30 pertsona zauritu dira, eta horietako batzuk ospitaleratu egin behar izan dituzte.