Erosteko ahalmena

Prezioen gorakadak itota

Inflazio %10 inguruan dago Hego Euskal Herrian, eta haren eragina nabarmena da merkatuko prezioetan. Saltzaileek diote Donostiako Bretxan erosleak gutxitu egin direla.

Emakume bat Donostiak Bretxako azokako harategi batean erosten. GRKA RUBIO / FOKU
Maria Ortega Zubiate
2022ko uztailaren 8a
15:54
Entzun

Azken asteetan salgaien prezioek gora egin dute etengabe. Gasolinaren prezioa da, agian, hizketaldi gehien sortu duena, bikoiztu egin baita aste gutxian. Baina inflazioa ez du produktu bakarrak eragin: oinarrizko beste jaki eta salgaietan ere asko egin dute gora prezioek. Erosketa saskiaren prezioan ikusten da igoera; hain zuzen ere, INE Espainiako Estatistika Institutuak %10en bueltan ezarri du Hego Euskal Herriko inflazioa. Eta hori igartzen da, nabarmen gainera, jendearen erosketa ohituretan.

Ostiral eguerdia da Donostian, eta Bretxako saltoki gunea, hiriaren erdigunean, mugimendu betean dago. Erosle beste kamioi dago kanpoaldean. Barazki, lekale, arrain eta okela, denak ari dira merkatuko postuetarako bidea egiten. Topo egiten dute kanporantz doazen erosleekin, baita traba egin ere barrura doazenei. Mercedes Garciak, saltoki guneko supermerkatuaren kanpoaldean, 20 euroko balioa duen poltsa utzi du lurrean. Arroza, gosaltzeko pare bat opil, olioa —”hori bai garestitu dela izugarri”, dio Garciak— eta pasta daramatza poltsan. “Bizpahiru egun baino ez du iraungo, pisukidearekin partekatzen ditut-eta erosketak”.

Prezioen igoerak zama gehigarri bat ekarri dio Garciari. Nikaraguarra da, eta ohikoa baino malkartsuagoa egiten zaio hilabetea bukatzeko bidea. “Gure soldataren zati bat Nikaraguara bidaltzen dugu. Horri gehitu alokairua, gastuak, telefonoa… Esku hutsik geratzen zara”, esan du. “Eta ahaztu aurreztea, noski”, gehitu du.

Izan ere, gizarte osoa pairatzen ari den inflazioak larrugorrian utzi du Garcia, eta ezin aurreikuspenik egin hilabete batetik bestera; are gehiago, ezta egun batetik bestera ere. “Gu, migratzaileok, egunean egunekoarekin bizi gara”.

Saskia, mehatzen

“Jendeak, haragia erostean, esaten dizu: ‘Zenbat igo den, ezta?’. Eta niri batzuetan lotsa eta dena ematen dit prezio horretan saltzeak”. Amaia Cia hernaniarraren hitzak dira. Ciak erosi berri duen solomo zatia jaso du poltsan, eta, garestia iruditu bazaio ere, ez dio horrelakorik jakinarazi saltzaileari; Cia ere harakina da, beste saltoki batean, eta badaki zenbateko igoera jasaten ari diren.

Prezioen gorakadak izan du bestelako eraginik ere. Horietako bat da, erositakoa murriztea. Hori da Ciaren kasua ere. Badoa Bretxako merkatutik, erosketa bakarra eginda: “Lehen, asteko erosketa egiten nuen, dena batera, eta, egunean egunean zerbait faltan izanez gero, orduantxe erosten nuen. Orain ez; orain, egunean behar dudana erosten dut, ez gehiago”.

Merkatu bizia da Bretxakoa, eta une oro dago jendea; korridorerik ez da hutsik ikusten. Zarata nabaria da, bataren prezioa, bestearen txanponak, postu alboko lagunen arteko berbaldia. “Hau, ordu honetan, kaosa da”, dio Unai Bergara arrain saltzaileak. Bretxako saltoki guneko Elena Iñarra arrandegian egiten du lan, eta bere postutik ari da so erosleei. Baina, mugimendu eta zarata handia egonagatik ere, arrandegietako korridorean ohi baino erosle gutxiago daude. Bergara ere horren jakitun da; normalean baino gutxiago daudela dio, eta ez da harritzen: “Normala da, prezioen igoera honekin jendea beldur da”.

Jendeak gutxiago erosten du, beraz. Horixe ondorioztatu du Bergarak ere, eta Cia da horren adibide garbia. Hori ez da ondorio bakarra, ordea; ez da soilik erosketen kopurua jaitsi; aniztasuna ere murriztu da. Horrelakorik nabaritu du arrain saltzaileak, bakar-bakarrik baitago txibia, legatz eta bakailao artean. “Arraina duela bospasei hilabete baino merkeago dago, ez da preziorik igo, baina jendea ez da etortzen”. Horren arrazoia badaki zein den: merkeagoa dagoela oilaskoa, noski, “eta, gainera, arraina ez da eguneroko jatekoa askorentzat”.

Bere talaiatik, hortaz, erosle gutxi ikusten ditu Bergara arrain saltzaileak. Aitzitik, turistak ikusten ditu ugari. “Turista asko datoz merkatua ikustera, baina erosleak gutxi daude jada”.

Saltokiak, erakusleiho?

Bergarak aipatutako turistak ikusten dira Bretxako saltoki gunean hara eta hona. Turistak direla argi nabari da, ez bakarrik haien janzkera edo itxuragatik, baizik eta baita erosketa poltsarik ez daramaten bakarrak direlako ere. Erakusleihoei begiratzen diete, prezioak behatzen dituzte, eta elkarren artean komentatzen dute, beren etxeko prezioekin alderatzeko edo.

Horietako bat da Jo Bloggs galestarra. Merkatuan ari da paseoan, Donostia ezagutzeko, eta prezioei begiratzea otu baitzaio. Etxekoarekin alderatuta, bizi maila antzekoa dela iruditu zaio. Hain zuzen, azaldu du Galesen ere nabaritu dutela prezioen igoera. Dena den, Ipar Europarekin alderatuta, Gipuzkoa zertxobait merkeagoa dela iruditu zaio: “Janariaren eta edariaren prezioak merkeagoak direla esango nuke. Baina, oro har, gureen antzekoak dira”. Nabaritu du bestelako alderik: erosketa gunea: “Guk ez dugu merkatuan erosten; guk erosketak supermerkatuan egiten ditugu beti”.

Jendeak denda txikietan erosteko duen joera egin zaio deigarri Bloggsi; Galesen ez omen da horrenbestekoa. Baina denda txiki horiek, egungo egoeran, ari dira igartzen itolarri moduko sentsazio bat. Egoeraren bi aldeak ezagutzen dituzte Ciak eta Bergarak: eroslearena eta saltzailearena. Ciak aipatu bezala, prezioak igotzera derrigortuta ikusi dute beren burua saltzaileek. Haren amak fruta denda bat dauka saltoki gunean bertan, eta hark ere “sekulako igoera” nabaritu du heltzen zaizkion salgaietan.

Ezin dena txikietan erosi

Prezioek orokorrean gora egin badute ere, badago denda txikietan kontsumitzeko adina dirurik ez duenik. Horixe bera azaldu du Garciak. Esan du ezin duela pentsatu ere egin supermerkatutik kanpo denda txikiagoetan egitea erosketa. Lagun baten zain dago Bretxako supermerkatuaren kanpoan, 28. lineako autobusa hartzeko. Amaran bizi da, baina Bretxaraino joaten da erosketak egitera, hango prezioak merkexeagoak direla iruditzen baitzaio: “Ez da merkea hau ere, baina, behintzat, ordain dezakegu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.