Blancoren hilketaren urteurrena

Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu ditu Arizkuren, Albisu eta Iparragirre, Blancoren hilketagatik

Iñaki Graciaren kasuan, delituak preskribatuta daudela ebatzi du.

Mikel Albisu, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 8a
12:03
Entzun

Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrenaren bueltan egiten ari diren ekitaldi eta adierazpenen erdian, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek ikertu gisa deklaratzera deitu ditu Josetxo Arizkuren, Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre, Ermuko PPko zinegotziaren bahiketarekin eta hilketarekin loturaren bat izan dezaketelakoan. Epaileak «gertaeren arduraduntzat» jo du Iñaki Gracia ere, baina azaldu du haren kasuan delituak preskribatuta daudela.

Dignidad y Justicia elkarteak bederatzi euskal herritarren aurkako salaketa jarri zuen, haiei egotzita Blancoren hilketaren «egile intelektual» izatea, hura gertatu zenean ETAren buruzagitzaren parte zirelakoan. Garcia Castellon instrukzio epaileak tramitera onartu zuen salaketa, eta Guardia Zibilari eskatu zion aferaren inguruko txosten bat egiteko.

Txostenaren arabera, ikertuek «omisioz» parte hartu zuten ekintza hartan, erakundeko «organo exekutiboko» kide bezala hura geratzeko «benetako gaitasuna» izan arren, halakorik agindu ez zutelako. Epaileak urrunago ere jo du, eta adierazi ikertuek osatzen zuten batzorde exekutiboak «desegonkortze estrategia bat» jarri zuela martxan 1990eko hamarkadan; tartean, PPko eta PSOEko hautetsien ETAren jomugan jartzeko erabakia hartuta.

Epaileak uste du litekeena dela Blancoren bahiketa «planifikatutako» ekintza bat izatea, «agindu zehatz» batzuen ondorio. Modu berean, uste du ETAren zuzendaritzak hilketa eragozteko «gaitasuna» zuela, baina ez zutela ekintzarik egin «eurek emandako aginduak jarraituz Donostia komandoko kideek egindako bahiketa eta biktimaren heriotza gerarazteko».

Garcia Castellon izan zen duela 25 urte Blancoren hilketa ikertu zuen instrukzio epailea. Irantzu Gallastegi eta Xabier Garcia Gaztelu epaitu eta zigortu zituzten hilketagatik, egile material izatea egotzita. Gero, Arizkurenen aurkako auzi bat ere ireki zuten, hilketaren eragile izatea leporatuta. 2016an hark ustez ETAren Bizkaia komandoko kideei bidalitako bi gutun ditu oinarri akusazio hark.

Iparragirre, Albisu eta Arizkurenen aurkako prozesua Dignidad y Justicia elkarteak ETAren zuzendaritzako kide ohitzat jo dituen euskal herritarren aurkako salaketetako baten ondorio da. Gregorio Ordoñez legebiltzarkidearen eta Francisco Querol epailearen hilketetan, eta Barajas aireportuko atentatuan erakundeko buruzagitzak izandako rola ere ikertzen ari da auzitegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.