Inflazioa

Frantziako Gobernuak pentsioak eta gizarte sariak handituz egin dio aurre inflazioari

Erregaiaren prezioaren deskontua txikitu egingo da urritik aurrera, baina autoa lanera joateko erabiltzen dutenek beste sari bat eskatu ahal izango dute.

Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroa, astelehenean, Eliseon. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 7a
19:44
Entzun

Frantziako Asanblean eta Senatuan bere aurkezpena egin eta biharamunean, lehen lege proiektua aurkeztu du Elisabeth Borneren gobernuak. Inflazio handiak erosteko ahalmenean eragindako higatzeari aurre egiteko neurri sorta bat da, baina baita energia segurtasuna bermatzeko testu bat ere, haren bitartez gobernuak eskubidea izango duelako gasa erretzen duten zentralak bere kontrolpean hartzeko, eta Saint Avoldeko ikatz zentrala berriro irekiko duelako.

20.000 milioi euroren kostua duela azaldu du Bruno Le Maire Finantza ministroak, eta ziurtatu du Europako Batasunean «erosahalmenari eusteko neurririk handienak» hartu dituela, nahiz eta Frantziak izan inflaziorik txikiena. Ezkerreko oposizioak eskatutakoaren aurka, ez ditu zergak ukitu nahi, eta ogasuna izaten ari den sarrera handiekin finantzatu nahi ditu neurriak.

Legegaia Frantziako Parlamentuak aztertuko du, eta litekeena da aldaketa handiak jasatea, gobernua sostengatzen duten alderdiek ez dutelako gehiengo osorik, eta ezkerreko eta eskuineko oposizioko taldeekin negoziatu beharko dituzte.

Honako hauek dira neurrietako batzuk:

-Argindarra eta gasa

2022an gehienez %4 handituko dira argindarraren tarifak, eta etxebizitzetako gasaren tarifek izoztuta jarraituko dute 2022 amaitu arte bederen.

-Erregaia

Apirilaz geroztik, Frantziako Gobernuak hemezortzi euroren deskontua egiten du erregai litroko. Kopuru hori emango du irailaren amaiera arte, baina progresiboki jaitsiko du gobernuak: hamabi zentimo izango dira urrian, sei azaroan, eta zero abenduan. Baina urriaren 1etik aurrera beste laguntza bat emango die lanera autoz joaten direnei. Ehun eta berrehun eurorainokoa izango da, errentaren arabera, eta 50 euro gehiago jasoko dituzte lanpostutik 30 kilometro baino urrunago bizi direnek. Ogasunaren orrian izena eman beharko dute laguntza nahi dutenek.

Badago erregaiari lotutako beste laguntza bat: enplegatzaile batzuek beren soldatapekoei garraio gastuetarako ematen dieten sariak ez du zergarik ordaintzen lehen 200 eurotan; aurrerantzean eta 2023 amaiera arte, 400 euroren sariak ez du zergarik pagatuko.

-Pentsioak eta sariak

Urtarrilaren 1ean %1 emendatu ziren oinarrizko pentsioak eta ezintasun pentsioak, eta uztailaren 1ean beste %4 handituko dira. Maila horretan igoko dira familiek jasotzen dituzten diru laguntzak eta gizarte laguntzak (RSA, AAH, , eta Aspa).

-Langile publikoen sariak

Administrazioetako 5,7 milioi langile publikoen sariak ere berriro handituko ditu Frantziako Gobernuak. Haien soldata kalkulatzeko baliatzen den indizea %3,5 emendatu da uztailaren 1ean.

Elikagaiak erosteko txekea

Diru sarrera apalak dituzten herritarrek elikagaiak erosteko ehun euroren txeke bat emango die Parisko gobernuak. Seme-alaba-bakoitzeko beste 50 euro eskuratuko dituzte. Bederatzi milioi familiatara iritsiko da laguntza. Legegaia udan onartuz gero, irailean jasoko dute.

Macron saria

Langileen erosteko ahalmena handitze aldera, 2019az geroztik enpresek mila eurorainoko sari berezi bat eman diezaiekete beren langileei (Macron saria), eta ez dute horiengatik ez zergarik ez gizarte kontribuziorik egin. Aurrerantzean, 3.000 eurorainokoa izango da kargarik gabeko saria. 2021ean, batez beste 506 euro izan zen Macron sarian parte hartu duten enpresek emandako saria.

Autonomoak

Langile independente edo autonomoek ordaintzen dituzten gizarte kotizazioak apaldu egingo dira.

Alokairuak

Alokairuen emendatzea %3,5era mugatu nahi du Bornek, eta horrela utzi nahi du gutxienez urtebetez. Maila horretan handituko dira alojamendurako sariak ere.

Ikusentzunezkoen saria

Ipar Euskal Herriko eta Frantziako herritarrek urtean 138 euroko saria ordaindu behar dute gaur egun telebista eta irrati publikoak finantzatzeko. Sari hori ezabatu egingo dute udazkenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.