Erresuma Batua

Boris Johnsonek dimisioa eman du

Nabarmendu du politikan inor ez dela «ezinbestekoa», eta jakinarazi Erresuma Batuko lehen ministroa izaten jarraituko duela Alderdi Kontserbadoreak beste lider bat aukeratu bitartean. Haren esanetan, datorren astean emango dute ordezkoa aukeratzeko prozesuaren egutegiaren berri.

Boris Johnson, gaur, dimisioa eman dela jakinarazten. EFE
Ander Perez Zala-Igor Susaeta
2022ko uztailaren 7a
10:32
Entzun

Boris Johnsonek amore eman die alderdikideen presioei, eta dimisioa eman du. «Argi geratu da Parlamentuko Alderdi Kontserbadorearen nahia dela beste liderbat edukitzea, eta, hortaz, beste lehen ministro bat edukitzea», nabarmendu du, hasteko, erabakiaren berri emateko Downing Streeteko 10. zenbakiarekin atarian galderarik gabe egindako hiruzpalau minutuko agerraldian. Eta 2019ko uztailetik Erresuma Batuko gobernuburua izandakoak iragarri du bere ordezkoa aukeratzeko prozesuak hasi behar duela eta horretarako egutegiaren berri datorren astean emango dutela. Adierazi du politikan inor ez dela «ezinbestekoa», eta jakinarazi, bide batez, karguan egongo dela lider berri bat aukeratu bitartean. Ez du aipamen bat bera ere egin, ordea, dimisioa eragin duten eskandaluei buruz.

Nolanahi ere, esan du «zentzugabekeria bat» dela gobernua aldatzea horretarako hauteskundeak egitea «baztertuta», noiz eta «munduko zein Erresuma Batuko egoera ekonomikoa hain zaila denean». Gainera, «mingarria» iruditzen beste inor, hau da, bera ordezkatzeko beste hautagairik ez ikustea «proiektuen bidez».

Gobernuan zein alderdian leial izan zaizkionen txaloen artean mintzatu da lehen ministroaren egoitzaren aurrean, eta adierazi du azken hiru urteotan izan duena «munduko ofiziorik onena» dela. «Gure sistema darwinzale eta distiratsuak beste lider bat ekoitziko du», iragarri du. Lider berri hori aukeratu bitartean ikusteko dago Johnsonek zein rol jokatuko duen behin-behineko lehen ministro bezala.

'Brexit'-a gauzatzeko

Johnson brexit-a gauzatzeko aukeratu zuten toryen lider, 2019ko udan, eta, sei hilabete geroago, Komunen Ganberarako bozak irabazi zituen, diputatuen gehiengo osoa lortuta. Harrezkeroztik, baina, polemikak ugaritu egin zaizkio: batez ere, pandemian Downing Streeteko 10. zenbakian egindako festek eragindako eskandaluagatik.

Gehiago ere izan dira, eta, azkenean, egunotan haren gobernuan izandako dimisioek kargua uztera behartu dute. 50 politikari inguruk utzi dute beren postua presio egiteko; tartean, Rishi Sunak Ekonomia ministroa eta Sajid Javid Osasunekoa. Sunakek, esaterako, «seriotasunik» eza leporatu zion Johnsoni.

Oraindik ere Erresuma Batuko lehen ministro denak 1922 Batzordeko —gobernuan kargurik ez duten diputatuek osatzen dute— buruzagi Graham Bradyrekin hitz egin du goizean, eta elkarrizketa horren ondoren erabaki du lehen ministroaren kargua uztea.

Johnsonek zentsura mozio bat irabazi zuen iragan ekainaren 6an, baina diputatu kontserbadoreen %41 haren kontra agertu izanak agerian utzi zuen ez zuela etorkizun handirik izango alderdiko buruzagi gisa.

Erreakzioak

Keir Starmer Alderdi Laboristako buruzagiak berehala erreakzionatu du, eta esan du dimisioa emateko erabakia «askoz ere lehenago» hartu behar izan zuela: «Eskala industrialeko gezurren, eskandaluen eta iruzurraren erantzule izan da. Eta haren konplize izandako guztiek erabat lotsatuta egon beharko lukete».

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak ere pozez hartu du Johnsonen erabakia, eta esan du «lasaitasun sentsazio orokor bat» egongo dela, «egunotako kaosa amaituko» delako. Hori bai, Sturgeonek uste du ez dela «jasangarria» Erresuma Batuko gobernuburuaren karguan jarraitzea jardunean; ezta «ideala» ere.

Orain, ikusteko dago zer gertatuko den Alderdi Kontserbadorean. Hain justu, primarioetarako ez dago oraindik izen-abizenik, baina Sunak eta Javid dira faboritoetako batzuk, Liz Truss Atzerri ministroarekin eta Priti Patel Barne ministroarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.