Frantzia

Bornek konpromisoa eta akordioak eskatu dizkie oposizioko alderdiei

Frantziako lehen ministroak EDF erabat publiko bilakatzeko asmoa jakinarazi du politika orokorreko saioan. Parisek eta Aiacciuk «datozen egunetan» ekingo diete berriz Korsikaren autonomiari buruzko elkarrizketei.

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroa, gaur, Asanblean. EFE
ander perez zala
2022ko uztailaren 6a
16:58
Entzun

Frantziako oposizioa harrotuta dago. Indartuta sentitzen da. Ez da gutxiagorako, gobernuak ez baitu gehiengo osorik Asanblean —49 diputatu falta zaizkio horretarako—, eta kontra dituen alderdiekin izan dituen lehen negoziazioek ez baitute arrakastarik izan. Ezkerrak, eskuinak eta eskuin muturrak Elisabeth Borne lehen ministroari eta haren lantaldeari egunerokoa zailtzeko helburu argia dute, horien etorkizunak eta gobernabideak dena baitute kontra. Hasiera, behintzat, ez da erraza izan gobernuburuarentzat: politika orokorreko saioan, haren diskurtsoak aurrera egin ahala, geroz eta indartsuagoa izan da oposizioko diputatuen oihukaldia. Baita gobernuaren eta bere proiektuen kontrako mezuak ere.

Bornek hasi berria du agintaldia, baina hori ez da espero bezala abiatu. Asanblearako bozetan gehiengo osoa galdu izanak nabarmen ahuldu du lehen ministroa, baita haren autoritatea ere, eta gobernuaren osaketaren inguruko eztabaidek eta polemikek are gehiago okertu dute orain arteko egoera. Oposizioak, gainera, ez die erabat luzatu eskua hari eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteari, eta Bornek testuinguru negatibo horretan aurkeztu behar izan ditu agintaldirako asmoak.

Lehen ministroak etengabe defendatu du bere burua, aurrean izan duen errieta Asanblean aspaldian ikusitako handiena izan baita. Ia minutuero jaso du oposizioko diputatu baten oihu bat edo kritika bat; halere, lehen ministroak, ahal izan duen bakoitzean, konpromisorako eta akordioetarako beharrean jarri du arreta, argudiatuta herritarrek ez dutela desegonkortasunik nahi printzipioz bost urte iraungo duen legealdirako.

Eta Bornek baditu identifikatuak aliatu posibleak oposizioko indarren artean, banan-banan aipatu baititu hitzaldian: Olivier Marleix LR Errepublikanoen talde parlamentarioko burua; Julien Bayou ekologistena; Boris Vallaud sozialistena; eta Bertrand Pancher LIOT Askatasunak, Independenteak, Itsasoz Haraindia eta Lurraldea taldekoa —zenbait autonomista eta independentista daude horretan—. Laurek harrituta erreakzionatu dute norbere izen-abizenak entzun dituztenean.

Lehen ministroak eskua luzatu die berriz ere agintari horiei —eta ez LFI Frantzia Intsumisokoari, PCF Frantziako Alderdi Komunistakoari eta RN Batasun Nazionalekoari—, «desafioen aurrean desegonkortasuna eta ordenarik eza ez baita aukera bat», argudiatu duenez. Haren arabera, gehiengo osorik gabe, «proiektuen gehiengoen garaia» hasi da Frantziako politikan, eta, esaldi horrekin, agerian utzi du bihartik aurrera hasiko dela zailena harentzat.

Besteak beste, lehen ministroak jakinarazi du Frantziako Estatuak «asmoa» duela EDF Electricite de France argindar konpainia erabat publiko bilakatzeko, eta erretreten erreformaz orain artekoa berretsi du: «Progresiboki pixka bat gehiago egin beharko dugu lan». Hau da, erretiroaren adina atzeratu nahi dutela, pixkanaka.

Erakundeez ere aritu da, eta horiek «erreformatzeko» asmoaz: irailetik aurrera, martxan jarriko dute hori lantzeko batzorde bat, eta Bornek nahi du oposizioko alderdiek ere parte hartzea eztabaidan.

Eskua luzatuta, baina ia hutsik

Lehen ministroak behin eta berriz luzatu die eskua oposizioko indarrei konpromisoa eta itunak eskatuz, baina, zenbait iragarpenez gaiz, Bornek ez ditu erreforma eta neurri berri asko jakinarazi. Hori egin ez, eta arreta jarri du elkarrizketaren beharrean eta «hobeto hitz egiteko» helburuan; eta, batez ere, «elkarrekin eraikitzeko» asmoan.

«Denen proposamenak entzuteko prest gaude; baita eztabaidatzeko eta gure proiektuari zuzenketak aurkezteko ere», azaldu du lehen ministroak horretaz aritu denean.

Elkarrizketa horietako batzuk Korsikaren etorkizun instituzionalaz izango dira, eta, zehazki, balizko autonomia estatusaz. Bornek jakinarazi duenez, «datozen egunetan» ekingo diote berriz solasaldi horri, eta espero da Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroarekin batzartuko dela —France 3 Corse Via Stella telebista katearen arabera, ez da hilaren 14a baino lehen izango—. Gerora, Darmanin Mediterraneoko irlara joango da hilabete «amaieran», Barne ministroak berak atzo jakinarazi zuenez.

Kaledonia Berriaren geroari buruzko negoziatzaileetako bat ere izango da Darmanin. Frantziako Barne ministroak BFMTV telebista katean atzo azaldu zuen «behar duen denbora guztia» hartuko duela independentistekin eta loialistekin eztabaidatzeko, eta uhartediaren «etorkizun instituzionala eraikitzeko». Ozeaniako uhartedi horretara joango da hilaren 26an, Jean-François Carenco Itsasoz Haraindiko ministroaren ordezkariarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.