Euskal presoak

Sare Herritarrak abuztuaren 20an Donostiako kaleak hartzera deitu du

Azken hilabeteetako urratsak «trabaz josita» egon direla salatu dute. Ezinbestekotzat jo dute herritarrak aktibatzea, bidea «muturrera eramateko».

Gaur goizean egidako agerraldia, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 5a
13:06
Entzun

Pandemiak eragindako etenaren ostean, Sare Herritarrak berriz baliatuko ditu Euskal Herriko hiriburuetako festak «salbuespen legedia salatzeko» eta «euskal presoen euskal herriratzea bere osotasunean gauzatzeko» eskatzeko. Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Donostiako Aste Nagusiko mobilizazioa aurkeztu dute: abuztuaren 20an egingo dute, Etxera bidea gertu lelopean.

Azken hilabeteetan «salbuespenezko espetxe politikak amaitzeko» egin diren urratsek «poza, esperantza eta gogoa» piztu dizkietela azaldu dute Inaxio Oiartzabal eta Nahikari Iturbe bozeramaileek, eta gaineratu dute bide horrek «aukera berri bat» zabaldu duela: «Aprobetxatu behar dugun aukera bat».

Halere, adierazi dute pausoak «geldoak eta trabaz josiak» direla, eta «bide luzea» geratzen dela egiteko. Izan ere, baimenak eta espetxeko hirugarren graduak lortzeko «oztopoak» jartzen dizkiete euskal presoei. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetan dauden presoen kasuan, kritikatu dute baimenak eta gradu aldaketak onartu arren Auzitegi Nazionala haiek atzera botatzen ari dela. Gorka Martinez Ahedo eta Iñaki Bilbao Gaubeka presoena izan da azken kasuetako bat. Ekainaren amaieran Basauriko kartzelara (Bizkaia) itzuli behar izan zuten, fiskaltzak haien gradu aldaketari errekurtsoa jarri eta epaileak espetxeratzeko agindu ostean.

Sare Herritarrak gogoratu du oraindik ere euskal presoen %36 Euskal Herritik kanpoko kartzeletan daudela. «Lau urte bete dira Pedro Sanchez presidenteak publikoki esan zuenetik Espainiako Gobernuak prozesu bati ekingo ziola hiru hamarkada luzez aplikatutako salbuespeneko espetxe politika kentzeko eta espetxe politika arrunta ezartzeko», salatu zuten ekainaren 18ko mobilizazioan, Iruñean.

Egoera horren aurrean, «herri aktibazioa eta bultzada» ezinbestekotzat jo dituzte, «hasitako bidea muturrera eramateko». Hala, Donostiako mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete donostiarrei eta Gipuzkoako gainerako herritarrei: «12:30ean Bulebarretik jai giroan abiatuko dugun manifestazio koloretsuan, etxera bidea egiteko prest gaudela eta etxera bidea gero eta gertuago dagoela aldarrikatuko dugu». Manifestazioarekin bat egin dute Donostialdeko jai batzordeak eta Donostiako Piratek ere, «jaia eta aldarria» uztartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.